"Tasa honekin datoz dirudunak izango bagina moduan, eta hori ez da horrela"

Anboto 2016ko abe. 29a, 15:53

Tentsio handiko osoko bilkuragaz amaitu du urtea Durangoko Udalak. Aztergai izan duten gai nagusia 180.000 euro baino gehiagoko  balio katastrala duten etxebizitzen OHZren (Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga) tasa berezia izan da. 358 familiari eragingo dio tasa honek, eta 2017an zerga honen faktura dezente igoko zaie. Kaltetuak azaroan batu ziren eta lan-taldea sortu zuten. Gaur, tasa berezi horren aldaketa eztabaidatu dute osoko bilkuran eta kaltetuak ere bertan izan dira. %0,355eko indizea aplikatzea erabaki du udalak EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. Kaltetuek ez dute erabakia ontzat eman eta epaitegietara joatea aztertzen ari direla aurreratu dute.

Kaltetuak azaroan batu ziren eta lan-taldea sortu zuten. Hasieran, 140.000 euroko balio katastrala zuten etxebizitzentzako tasa %0,50 izatea erabaki zuen udalak. Horrela, 800 familia baino gehiagok OHZren fakturan igoera handia izan zuen. Ondoren, azaroko osoko bilkuran, balio katastral hori 180.000 eurora igotzea erabaki zuen udalak. Baina, oraindik ere 358 familientzako igoera nabarmena izan da. Gaur, tasa berezi horren aldaketa eztabaidatu dute osoko bilkuran eta kaltetuak ere bertan izan dira, haserre.

Herriaren Eskubidea eta EH Bildu alderdien proposamena 180.000 eurotik gorako balio katastrala duten etxebizitzei  %0,29ko tasa aplikatzea izan da. Era berean, enpresa eta lursailak dituztenen indizea, 0,80tik 0,85era igotzea proposatu dute. EAJk eta PSE-EEk berriz, hasieran indizea %0,37 izatea proposatu dute. PP alderdiak %0,355eko indizea jarri du mahai gainean.

Hamar minutuko etenaldiaren ondoren, EAJk eta PSE-EEk beraien proposamena alde bateratera utziko dutela iragarri dute. Gobernu Taldea osatzen duten bi alderdiek Alderdi Popularraren proposamena babestu dute. Beraz, azkenean, %0,355eko indizea onartu dute Gobernu Taldearen eta PPren botoekin.

Auzitegietara joateko prest

Kaltetuetako bat Josune Escota da. Escotak dioenez, ondo aztertu gura dute epaitegietara joatzeak zein ondorio izan ditzakeen. Uztailean onartu ziren tasei ez zioten alegaziorik jarri eta teknikariek esan diete posible dela gaur onartutakoa epaitegiek ezeztatuz gero, uztaileko araudira itzultzea. "Juridikoki aztertu behar dugu 700 familia berriro ez ditugulako tasa honen barruan sartu gura". Kaltetu honek dioenez,  soldata oso arruntak eta hipotekak dituzten pertsonak dira. "Udalak beti erabili gaitu. Zaborren tasa bi ditugu. Eduki behar ez genukeen bado bat ere badugu. Horrekin bakarrik, beste edozein durangarrek baino 500 euro inguru gehiago ordaintzen dugu urtean. Eta orain, tasa honekin datoz, dirudunak izango bagina moduan, eta hori ez da horrela". Kaltetuek tasa bakarra eskatzen dute etxebizitza guztientzat. "Balio katastral handiagoa duenak besteek baino gehiago ordainduko du beti. Paradoxa da. 179.999 eurora arteko balio katastrala duenak 366 euro ordainduko ditu. 180.001 euroko balioa duenak berriz, 900 euro ordaindu beharko ditu. Tartekoa ez du inork ordainduko. Hori bidezkoa da?" dio Escotak.

Eztabaida politiko sutsua

Gai honek ika-mika sortu du alderdien artean. EAJko Goiztidi Diazek Herriaren Eskubideari eta EH Bilduri kea saltzen ari direla leporatu die, eta gaur jeltzaleek ezkerretik aurreratu dituztela. "Bi alderdi horien proposamena legala izan daiteke, baina ez erreala", azaldu du Diezek.

Pilar Riosek azaldu du PPren proposamena babesten duela "mantendu" daitekeelako. Tarte gutxi uzten digu beharrizana duten familiei diru-laguntzak emateko. Hala ere, auzo horiei laguntzeko dirua batzeko konpromisoa hartzen dugu", dio Pilar Rios zinegotzi sozialistak.

EH Bilduko Dani Maeztu zinegotziak dioenez, katastroaren eta OHZren inguruan "akats handiak" egin dira Durangon. "Eztabaida honek beste hausnarketa batera eraman behar gaitu. Herri honek adreiluaren aldeko apustu estrategikoa egin du eta orain horren ondorioak jasaten ari gara".

Herriaren Eskubideak harriduraz hartu du erabakia. "Harrituta gaude esan digutelako gure proposamena ez zela teknikoki bideragarria, eta azken orduan mahai-zapi batean proposamen bat ekarri dute eta sinesgarritasun guztia eman diote".

Fran Garate PPko zinegotziak azaldu duenez, "hasieratik defendatu dugu ezin zitekeela gehiago biltzeko asmorik egon. Baina, hala ere, ezin diogu zergak biltzeari utzi. Honek kalkuluak egitera garamatza. Eta gehien doitzen den tipoa %0,355 da. ".

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!