CEAR, errefuxiatu kurduez: "Dimentsio handiegia ematen ari zaio kasu honi, egoera lasaitzeko beharra dago"

Anboto 2017ko mar. 7a, 13:30
Errefuxiatuen alde zapatuan egindako elkarretaratzea, Andra Marian.

Elorrion agertutako errefuxiatu kurduen gaiaz hedabideetan berba larregi egiten dela uste du errefuxiatuei babes eta laguntza ematen dion CEAR elkarteak. "Utz gaitzatela guri lan egiten, eta eurei erabakia lasai hartzen", esan du Patricia Barcena abokatuak.

Gaia normalizatzeko beharra dagoela uste du Barcenak, azken egunetan sortutako eragin mediatikoaren ostean. "Uste dugu dimentsio handiegia ematen ari zaiola kasu honi, egoera lasaitzeko beharrizana dago. Pertsona hauen pribatutasunerako deia egiten dugu, euren segurtasuna bermatzearen alde", azaldu du errefuxiatu kurduen gaia lantzen dabilen abokatuak. Bere arabera, egunero lan egiten dute errefuxiatuen gaiekin, eta Durangon babes hartuta daudenen kasuak "horietako beste bat" behar luke izan, protagonismo berezirik eman barik.

Barcenak adierazi du Estatuan asiloa eskatuta, prozesu bat hasiko dela, eta lasaitasuna beharko dela. "Nazioarteko babesa eskatuko dutela konfirmatzean, euren prozesua errespetatu beharko da eta kitto". Gainera, ohartarazi du errefuxiatuek "errealak ez diren aurreikuspenak" ere egin ditzazketela gaiaz larregi berba eginez gero.  Izan ere, CEARen arabera, Espainiar Estatuan 10 babes eskaeratik 7tan ezezkoa ematen da. "Zuhurtzia eskatzen diegu beraien egoeraren inguruan interesa azaldu duten aktore guztiei, erabakiak modu autonomoan eta pribatutasunez hartu behar dituzte eta".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!