Elorrion agertutako 7 errefuxiatuak osasunez ondo daudela jakinarazi du Durangoko Udalak

Anboto 2017ko mar. 3a, 17:16

Durangon egingo den errefuxiatuen aldeko hileroko elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu dute Elorrioko Udaletik. 

Elorrion kamioi batean agertu eta Durangon babes hartu duten zazpi errefuxiatuak osasunez ondo dauela jakitera eman du Durangoko Udalak. Kurdistango familia biak Durangoko udalaren ardurapeko pisu batean pasatu dute gaua, eta ohar bidez, lasaitasun mezua zabaldu dute udaleko kideek.

"Errefuxiatuei merezi eta behar duten harrera bermatu diegu", adierazi du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak. "Pertsona hauek kalteberatasun egoera larrian aurkitzen dira, beraz, udalak merezi duten laguntza eta babesa bermatzeko ahalegin guztiak egin ditu", gaineratu du Pilar Rios alkateordeak. 

Elorrioko Udalak elkarretaratzera batzeko deia 

Bestalde, Elorrioko Udalak errefuxiatu familiari babes eta elkartasun osoa helarazi dio. "Famili batek bere jaioterria utzi eta bere biziraupena bermatzeko mundu erdia zeharkatzeko prest dagoen bitartean, beti izango gaituzte bidelagun. Drama humanitario honetan gure esku dagoena eskaintzeko prest egon behar gara, izan ere, atzo bizi izan genituen sentimenduetatik ekintzetara igaro behar dugu", adierazi du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak.

Horrez gain, bihar eguerdian 'Ongi Etorri Errefuxiatuak' plataformak Durangon egingo duen elkarretaratzera batzeko deia luzatu die elorriar guztiei gobernu taldeak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!