Bakarrik bizi diren nagusiei etxean obrak egiten lagunduko diete

Markel Onaindia 2017ko ots. 10a, 13:19

75 urtetik gorako biztanleek udalaren diru-laguntza jaso ahalko dute, etxeko instalazio elektrikoa berrizteko edota bainuontziaren ordez dutxa ipintzeko.

Bakarrik bizi diren pertsonen segurtasuna hobetzeko asmoz aterako ditu diru-laguntzak udalak. Pilar Ríos alkateordeak azaldu du nagusiek izaten dituzten ezbeharrak saihestu gura dituztela, euren autonomia mantentzen jarraitu ahal izateko. Bere esanetan, erorketa gehienak sukaldean edota komunean izaten dituzte nagusiek.

Obra amaitzean, faktura udalean aurkeztu eta laguntza jasoko dute. Gehienez, aurrekontuaren %50 jasoko dute nagusiek. Baldintzak ere badituzte: 10 urtez Durangon erroldatuta egotea; etxean bertan bizitzea; urteko errenta 21.000 eurotik ez pasatzea eta bankuko aurrezkia 30.000 eurotik ez pasatzea.

Argiñe Larreategi teknikariak gogoratu du Durangon 1.840 direla 80 urtetik gorakoak, eta horien %22 inguru bizi direla bakarrik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!