Adineko pertsonen bizi-kalitatea

Erabiltzailearen aurpegia Pilar Rios Ramos 2017ko ots. 10a, 08:30

Durangoko biztanle guztien %18,34 hirurogeita bost urtetik gorakoa da, guztira 5.353 pertsona. Eta 1.840 lagun 80 urtetik gorakoak dira, hau da, %6,30.

Gure ustez, ezinbestekoa da lan egitea haien bizi-kalitatea eta autonomia hobetzeko. Horregatik, hainbat ekimen lantzen ari gara une honetan. Batetik, diru-laguntza eman nahi diegu adineko pertsonei instalazio elektriko zaharrak berritzeko eta bainuontzien ordez dutxak jartzeko. Era horretan, haien autonomia sustatzeaz gain, segurtasuna ere bermatuko dugu. Azterketek frogatzen dutenez, adineko pertsonen etxeetan ohikoak izaten dira labainkaden edo suteen ondorioz izandako ezbeharrak. Guk aurrea hartu nahi diegu mota horretako ezbeharrei, eta saihestu nahi ditugu instalazio elektrikoen egoera kaskarrarengatik izandako hutsegite elektrikoak, batez ere eraikin zaharretan izaten direnak.

Bestetik, adineko pertsonentzako jantoki-zerbitzua nabarmendu nahi dugu. Ekimen berri horretan 50 txartel baino gehiago daude gaur egun, eta dozena bat lagun joaten dira horra egunero. Pertsona horien elikadura eta osasuna hobetzeaz gain, ekimena onuragarria izan da harreman sozialak sendotzeko.

Horrez gain, beste zerbitzu batzuk ditugu abian udalerrian: ‘Mugi zaitez-Muévete’ programako jarduerak, auzoetara eraman ditugunak, arreta psikosozialeko tailerrak, keak detektatzeko doako zerbitzua, giltzak Udaltzaingoan uzteko zerbitzua, eta oinezkoen alderdirako sarbidea mugikortasun urriko edo narriadura kognitiboko adineko pertsonen senideentzat.

Horrenbestez, argi frogatu dugu konpromiso sendoa dugula pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta autonomia luzatzeko, eta garbi berretsi nahi dugu, gure ustez garrantzia handia dutelako jendartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!