Villate: “Asko eskertzen dugu hiru egunez areto berean jardun ahal izatea”

Itsaso Esteban 2016ko abe. 23a, 11:33

Gorputzen mugimendua eta itzalak oinarri dituen Into the shadows pieza eskainiko du Maria Villatek Durangoko Maluta jaialdian. “Oso berandu, 26 urtegaz, hasi nintzen zirkua egiten”, kontatu du bilbotarrak. Bilbao 700 Fundazioan marketing arloan egiten zuen lana utzi, eta Bartzelonara jo zuen zirku teknikak ikasi eta arlo horretan lan egiteko aukeren bila. “Zirkuak bizitza osoa aldatu zidan”, dio Villatek. Kataluniako hiriburuan bizi da egun.

Zergatik erabaki zenuen Bartzelonara joatea?
Zirku arloan jardun gura nuen, eta 2002an aukera gutxi zegoen hemen. Koblakari elkartea existitzen zen, baina Bartzelonara etorri nintzen, zirku eskolan ikasi gura nuelako.

Zer elkarte da Koblakari?
Bizkaiko malabaristen elkartea da Koblakari. Gaztetxea bota zuten arte Kukutza Gaztetxean zeukan egoitza.

Zirkuaren arloko zure lehen pausoak elkarte horri lotuta eman zenituen?
Bai, Koblakari ezagutu nuenean hasi nintzen malabareak egiten, eta horrela joan nintzen zirkuaren munduan barneratzen. Hortik abiatuta hasi nintzen ezagutzen zirkuari loturiko bestelako teknikak ere. Hasieran denetarik probatu nuen eta espezializatzen joan naiz gero.

Durangon aurkeztuko duzun Into the shadows piezak dantzagaz lotura handia du.
Bai, zirkuko teknikatik abiatuta sortu nuen, baina itzaletan eta gorputz mugimenduetan oinarritutako ikuskizuna da. Formek, dantzak, mugimenduek eta elementu plastikoek ere garrantzi handia dute ikuskizunean... Izan ere, oso gustuko dut teknika desberdinak uztartzea.

Bost minutuko iraupena du Into the shadows. Ohikoak dira horren iraupen laburreko piezak zirku garaikidean?
Bai. Bost eta zortzi minutu arteko iraupena izaten dute normalean zirku ikuskizunek.

Zelan hartu duzu Maluta ikuskizunean parte hartzeko egin dizuten gonbidapena?
Etxean lan egin ahal izateko aukera da niretzat, eta poz handiz hartu dut. Zoritxarrez, gutxitan izaten dut Euskal Herrian aritzeko aukera, eta ilusio handia egiten dit.

Katalunian aukera gehiago dago zirkutik bizitzeko?
Bai, Bartzelona hiri handigoa da eta, gainera, historia luzeagoa ere badu diziplina honek han. Krisi sasoian, edozelan ere, leku guztietan igarri da lan aukeren gutxitzea. Inon ez da erraza aurrera egitea: Bartzelonan artista asko gaude, eta aukera mugatuak.

Ez da oso ohikoa zirkua kultur aretoetan ikustea.
Horrelako aukera oso gutxi izaten dira oraindik ere. Oso zaila da zirku ikuskizunak areto barrurako programatzea. Izan ere, askok ez dute beste arte eszenikoen parean ikusten. Edozelan ere, gutxinaka bagoaz bidea egiten eta zirku garaikidea hedatzen.

28an, 29an eta 30an, hiru egun jarraian, areto berean jardun ahal izatea ere aukera ederra da, ezta?
Aukera ezin hobea da. Batetik bestera bizi gara, eta asko eskertzen dugu hiru egunez jarraian areto berean jardun ahal izatea. Neke fisikoa gutxitzen da, eta askoz gusturago egiten dugu lan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!