'Maluta' eguberriko zirkoaren bigarren edizioa aurkeztu dute

Anboto 2016ko abe. 14a, 18:16

Gorka Ganso eta Cecilia Paganini aktoreek eta Mari Jose Balier zinegotziak aurkeztu dute jaialdia.

Abenduaren 28an, 29an eta 30ean eskainiko dituzte Maluta eguberriko zirko garaikidearen emanaldiak, San Agustin kulturgunean. Bigarren urtez antolatu dute Ganso & Cia talde egoiliarrak eta Durangoko kulturguneak jaialdi hori. Bertako zein nazioarteko zirku garaikideko puntako artistak jardungo dira, "ikuskizun esklusibo" horretan. Adin guztietako publikoari zuzenduriko "ikuskizun globala" da Maluta, akrobaziak, malabareak, umorea, poesia eta zuzeneko musika osagai dituena.

Gaur goizean, Durangoko Museoan egin dute jaialdiaren aurkezpena, eta Mari Jose Balier zinegotziak azaldu duenez, "iazko lehenengo edizioaren arrakasta handiak" bultzatu du Astarloa Kulturgintza erakundea Maluta ekimena bigarren urtez babestera.

Gorka Ganso da jaialdiaren zuzendari artistikoa, eta bere berbetan, "hango eta hemengo artistak" elkartuko dira II. Maluta zirkoan. Iaz bezala, emanaldiaren aurkezpen "ez konbentzionala" egingo ditu Gansok, eta Argentinako Dúo Laos, Extremadurako JC Margallo, Alacenteko Lucas Locus, eta Valladolideko Ruben Martín dira atzerritik etorriko diren artista gonbidatuak. Izaskun Agirresarobe eta María Villate artista euskaldunek ere parte hartuko dute emanaldian.   

Eguberriko zirkoaren hiru emanaldi egin zituzten iaz, eta bete egin zen San Agustin. Aurten ere, hiru aukera izango dira Maluta gozatzeko: abenduaren 28, 29 eta 30ean, 18:00etan.

Bigarren edizio honen ostean Maluta "tradizio bihurtzeko mehatxua" egin du, umorez, Gorka Gansok. Gaineratu du, emanaldia Durangotik kanpo ere eskainiko dutela, lehenegoz, aurten: abenduaren 27an, Basauriko Social Antzokian izango dute Maluta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!