Sapuetxen aro berri bat hasiko dute zapatuan, berrinaugurazioagaz

Anboto 2015ko mar. 17a, 13:35

1999an gazteentzako espazio bat zabaltzeko asmoz okupatu zuten Sapuetxe, Montevideo kalean, erreka gainean, hutsik geratu zen etxebizitza-eraikina. Hamasei urtez zenbait gazte belaunaldi pasa dira bertatik. Aisialdi eskaintza programatzeaz gainera, ekimen sozialen bilgune ere izan da; AHTaren kontrako borrokarena, adibidez. Baina, azken boladan gazteen errelebo falta dagoela-eta, aldaketa sasoia bizi dute Sapuetxen. Hainbat adinetako herritarrek osatutako lagun-talde batek beste izaera bat eman gura dio eraikin okupatuari, eta zapatuan hasiko dute aro berria. Sapuetxeren berrinaugurazioa izango da.


Sapuetxeko asanbladako kide batek “0tik hasi” gura dutela azaldu du. Baina oraindik ez dute eraikinaren filosofia berria zein izango den zehaztu. Mugimendu sozialen bilgune edo etxe bihurtzea da buruan duten ideietako bat, baina hausnarketa aurrerago egingo dute. Izan ere, duela hiru hiletik obretan murgilduta ibili dira: taberna eraberritu dute, eta lehenengo pisuan ere obretan dabiltza, sukaldea atontzen, besteak beste. Hain zuzen ere, etxe bloke handitik espazio bi horiek bakarrik erabiliko dituzte momentuz. “Jendeak proiektuak egiteko ilusioa badauka, goiko pisuak erabiltzeko aukera egongo da”, adierazi du Sapuetxeko kideak. Hogei bat laguneko taldea dabil lanean.

Zapatuan, jaialdia
Taberna berriztuta dago, eta zapatuan emango diote hasiera aro berriari. Eguerdian bazkaria egingo dute, eta arratsaldetik aurrera kontzertuak egongo dira ikusgai. 17:00etan, esaterako, folka eta punka uztartzen dituen Ganorabakoak taldeak joko du, Mañarian aurten sortu den taldeak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!