“Argentinan euskal kultura eta Euskal Herria oso ezagunak dira”. Euskal Herritik etorkin gehien jaso zuen herrialdea izanik, “euskalduna zarela esatean ez duzu azalpenik eman beharrik, gure gizartea oso ezaguna da bertan eta jende guztiak daki zer den euskaldun bat”, dio Oteizak.
Euskal Etxe sare oso garrantzitsua dago Argentinan. “Urtero Euskal Astea egiten dugu, euskal dantzek oso indar handia daukate, eta gero eta euskara ikasle gehiago daude”, azaldu du.
Standa izateaz gain, Argentinako euskal komunitateak hainbat solasaldietan parte hartuko du. Gaur, 14:00etan, Areto Nagusian, Asier Vallejok, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak, moderatuta, Argentinako euskaldunak berbaldia egingo dute. Argentinatik Euskal Herrira etorritakoak eta Argentinan bizi diren euskaldunak mintzatuko dira. Bihar, 14:00etan, Argentinan euskaraz egitasmoaren aurkezpena egingo dute Miren Arozarenak (FEVA) eta Kinku Zinkunegik (HABE). Domekan, 14:30ean, lehen aldiz azokara datorren Ekin argitaletxeak lau titulu aurkeztuko ditu.