51. Durangoko Azoka

Argentinako euskal komunitateak standa jarriko du azokan

Jone Guenetxea 2016ko abe. 2a, 09:20

Argentinako euskal komunitateak standa jarriko du, lehenengoz, Durangoko Azokan. Gerediaga Elkarteak prentsa oharrean azaldu duenez, “Durangoko Azokak bultzatu zuen iaz Euskal Etxeen presentzia kulturaren plazan, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzagaz elkarlanean, Euskal unibertso osoarengana heltzeko asmoz”. Horrela, iaz Bartzelonako Euskal Etxea gonbidatu zuten, eta aurten Argentinako euskal komunitatearen txanda izango da.

Solasaldiak Aretoan
FEVA Argentinako Euskal Etxeko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako kideek hainbat solasalditan parte hartuko dute Azokako Areto Nagusian. Abenduaren 2an, 14:00etan, Argentinako euskaldunak berbaldian gaur egun Argentinan bizi diren euskaldunen arazoak eta errealitatea ezagutzera emango dute. Abenduaren 3an, 14:00etan, Argentinan euskaraz egitasmoaren aurkezpena egingo dute Kinku Zinkunegik (HABE) eta Miren Arozarenak (FEVA). Abenduaren 4an, 14:30ean, Ekin argitaletxeak lau titulu aurkeztuko ditu. Argitaletxe hau azokara datorren lehenengo aldia da.

Argentinako Euskal komunitatearen standean hainbat argitaletxetako argitalpenak kontsultatzeko aukera emango dute. Horrez gain, euskal abizenen zabalkundea Argentinan jarraitzeko eta ezagutzeko aukera eskainiko dute. Stand honen kudeatzailea FEVA izango da.

Etorkin gehien Argentinara
Argentina izan zen Euskal Herritik etorkin gehien hartu zuen herrialdea. Euskaldunen aztarna toponimian eta abizenetan geratu da. Argentinarren %10, hau da, 4 milioi pertsona inguru euskaldunen ondorengoa da.

Munduan dauden 190 euskal etxeetatik 84 Argentinan daude.  Lehenengoa 1877. urtean sortu zuten Laurak Bat zentroagaz.  Euskal  nortasuna mantentzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko lana egin dute euskal etxeek Argentinan.FEVAko kideek diotenez, Argentinako Euskal Aste Nazionala ospatzen dute urtero. Jaialdi horretan Argentinako euskal etxe guztiek parte hartzen dute. Urte bakoitzean herri batean antolatzen dute. Inguruko herrialdeetako euskal etxeetako ordezkariak ere joaten dira jaialdian parte hartzera. Horrez gainera, urtean zehar euskal etxe bakoitzak bere programazio propioa izaten du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!