Zerga kobratzeko tipo altuena, 0,5ekoa, 140.000 euroko etxeetatik 180.000 eurotakoetara igotzea onartu zuten osoko bilkuran, zaku berean etxe gehiegi sartu zirelakoan. Baina hala ere, igoerak kaltetutako hainbat herritarrek haserrea agertu dute, eta antolatzen ere hasi dira. EH Bildu izan zen aldaketaren sustatzaileetako bat gobernuagaz batera, eta autokritika egin du: "Kaltetutako jendeagaz bato ondoren, erratuta geundela ikusi dugu. Osoko bilkuran 0,5eko tipo gehigarria onartu genuenean, ez ginen jabetzen zein punturaino zen altuegia berau".
Hori dela eta, ordenantza berriro eztabaidatzeko beharra ikusten du koalizioak. Euren proposamena, tipo altua 0,5etik 0,3ra edo 0,35era pasatzea izango da, orokorra 0,2koa den bitartean. Bestela, zatika igotzea, progresiboki. Horrez gainera, arau forala aldatzeko mozio bat aurkeztuko du bilkuran, eta Aldundiaren zonifikazioari alegazioak egiteko deia egin du. Herritarrek egin gura dituzten alegazio pertsonaletarako, eredu bat prestatzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk.