Hainbat auzotar hurreratu dira bilkurara, eta euretako batek adierazi du "babesgabe" sentitzen direla. "Injustua" iruditzen zaie euren egoera, nahiz eta pozik agertu jende gutxiagok sufrituko duelako tasa igoera. "Ulertzen dugu gehiago ordaindu behar dutela gehiago dutenek. Baina neurriak proportzioz kanpokoak dira. Dagoeneko 800 euro ordaintzen gabiltza, eta 2017an 1.350 edo 1.400 euro ordainduko ditugu, eta 2018an 1.600 euro. Horregatik, erabakia arbitrarioa da, desorekatua, eta ez da ekitatiboa". 180.000 eurotik behera baloratutako bi etxe dauzkanak, eurek baino gutxiago ordaindu ahal duela ipini du adibide. Beste herriei begiratuta, euren antzeko etxe bategaz, Elorrion 600 euro ordainduko direla adierazi du Santikurutzeko auzotar horrek.
"Babesgabe" sentitzen dira, euren ustez neurria aurreiritzietan oinarritua izan ahal delako. "Gu ere langileak gara", esan du bozeramaile lanak egin dituenak. Tasa altuari pribilejioduna deitu izan diote politikariek, eta azaldu du ez daudela horregaz ados. Gainera, familia guztiak ezin direla zaku berean sartu ohartarazi du, eta bakoitzaren egoera eta sarrerak kontuan hartzea eskatu du.
HE eta PP, aurka
EAJk eta PSE-EEk EH Bildugaz egindako akordioa berretsi dute bilkuran eta aurrera atera da. Goiztidi Díaz (EAJ): "Ahalik eta justuena izan zedin saiatu gara. Gutxien duenak gutxiago ordain dezala da gure asmoa". Pilar Ríosen (PSE-EE) ustez, "aldendutako auzoetan hazkunde nabarmena ez edukitzea erraztuko du aldaketak".
Jorge Varelak (HE) esan du Aldundiaren aldaketa orokorra "justuagoa" izan beharko litzakeela, eta horregatik, kontra bozkatu dute. Gainera, auzo zaharrenek %60 gehiago ordainduko dutela ohartarazi du, tasa altutik apartatu arren. Bestalde, akordiora heldu direnak kritikatu ditu: "Ez gaituzue gonbidatu zuen batzarretara". Díazek erantzun dio "besteen denbora berbera" eduki dutela ekarpenak egiteko.
Fran Garatek (PP) esan du "partxe" honegaz ados dagoela, baina ez duela begi onez ikusten Aldundiaren igoera orokorra.