Eiser-Hirumet, batasunak indarra egiten duelako

Joseba Derteano 2016ko aza. 18a, 12:10

Duranguesa eta Punta Galeako txirrindularitza elkarteek indarrak batu dituzte talde sendoago bat sortzeko.

18 txirrindularik osatzen dute talde berria: Eiser-Inforlur taldetik jarraitzen dutenek, gazteen taldetik igotakoek eta Punta Galeatik etorritakoek osatzen dute bizkarhezurra. Horiez gainera, Cafes Baquétik etorritako Oskar Malasetxebarriak eta nazioarteko hiru ziklistak osatzen dute taldea: Nicolas Saenz kolonbiarrak, Jaco Pelser hegoafrikarrak eta Elliot Redfern eta Max Williamson britainiarrek. Unai Uribarri izango da taldeko zuzendaria; Kimetz Lapazaran eta Roberto Arteaga izango ditu laguntzen eta prestatzaile fisiko lanak Pablo Mas-ek egingo ditu.

Indarrak batuta talde zabalago eta indartsuago bat egin gura izan dute: “Etorkizunari begira erabakirik onena dela uste dugu”, adierazi du Duranguesa elkarteko Josu Atxotegik. Malasetxebarria munitibarragaz esprintak lehiatzeko aukera handiagoak izango dituzte denboraldi berrian. Saenz kolonbiarrak ere zeresana eman dezake: “Iaz oso ondo ibili zen eta aurten Kontinental mailako talde batera joatekotan egon da, baina nahiago izan du bere garapena lasaiago hartu eta datorren urtean gurekin geratu”. Britainiar bien jarduna ere hurretik jarraitu beharko da, Euskal Herrira datozenetan nabarmendu egiten direlako; gazte mailatik afizionatuetarako saltoa emango dute aurten.

Taldearen helburu nagusia afizionatu mailan ahalik txirrindulari gehienei lehiatzeko aukerak eskaintzea da.

Aitor Ajuria bizikletan

Aitor Ajuria otxandiarra Durangaldeak mendiko eskian, mendi lasterketetan zein kilometro bertikaletan duen promesarik handienetakoa da. Bizikletan ere asko ibiltzen da eta modalitate hau probatu egin gura du. Horregatik, maiatzetik aurrera Eiser-Hirumet taldera batuko da lasterketa batzuetan probak egiteko Duranguesako kideek jakinarazi dutenez.

Hauxek dira Eiser-Hirumet taldeko txirrindulari guztiak: Alain Ramirez, Markel de la Fuente, Adrian Sainz, Oskar Malaxetxebarria, Jon Munitxa, Eukeni Rotaetxe, Asier Perez, Arkaitz Agirre, Xabier Gutierrez, Julen Solaun, Iñaki Arakistain, Peru Barañano, Erlantz Calvo, Fermin Reinicke, Nicolas Saenz, Jaco Pelser, Elliot Redfern eta Max Williamson.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!