Prentsa oharrean azaldu dutenez, "uste dugu ardura hori, asanblada bat deitzearena eta herritarrei azalpenak ematearena, ez dela gurea. Herritarren aurrean gauzak nola egin direnaren ardura Gobernu Taldearena dela argi daukagu, beraiek izan baitira Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren inguruan informazio gehien kudeatu eta herritarrei hau eman gabe erabakiak hartu dituztenak. Eta sarri, erabakiak herritarren kaltetan hartuta gainera".
Gaineratu dutenez, "ikusirik Gobernu Taldeak ez duela horretarako asmorik, prest gaude herritar guztiei irekita egongo den asanblada bat deitzeko, bertan jendeak gaiari buruz dituen galderak erantzuteko.
Azaltzeko, adibidez, zer dela eta igo zaien horrenbeste beraien etxebizitzetako balio katastrala, zein zonifikazio mota izan duen Durangok eta zein izan den zonifikazio horren akatsa eta zeintzuk errore horren erantzule nagusiak. Baita kontatzea zergatik onartu den Osoko Bilkuran beste ordenantza bat OHZ arautuko duena, ekainean bat onartu bazen. Esatea baita zertan datzan ordenantza berri hori eta zeintzuk diren honen ezaugarriak. Eta azkenik zein bide jorratu ahalko duten herritarrek hemendik aurrera beraien OHZrekin ados ez badaude eta hau alegatu nahi baldin badute".