34 urteko durangar bat atxilotu dute bere emaztea jotzea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Jone Guenetxea 2016ko urr. 28a, 08:51

Erasoa atzo arratsaldean gertatu zen. Emakumea Durangoko anbulategian artatu behar izan zuten. Gizonak atxilotuta jarraitzen du epailearen aurretik pasatzeko zain.

Atzo, 17:00etan, 34 urteko gizon durangar bat atxilotu zuen Ertzaintzak bere emaztea jotzea egotzita. Ertzaintzak azaldu duenez, gizonak atxilotuta jarraitzen du epailearen aurretik pasatzeko zain. Emakumea anbulategira eraman zuten erasoaren ondorioz jasan zituen zauriak sendatzera.

Plataforma Feministak joan zen zapatuan Durangoko jaietan gertatutako beste eraso bat salatzeko deitutako elkarretaratzean eman zuen beste indarkeria kasu honen berri. Eraso hau salatzeko, plataformako kideek datorren ostegunerako  deialdia egin dute, Andra Mariko elizpean, 20:00etan.

Udalak ere erasoa gaitzetsi du, eta babesa erakutsi dio erasoa sufritu duen emakumeari, eta bere seme alabei. Gainera, udalak dituen baliabide guztiak beraien esku jartzen dituztela jakinarazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!