Eguenean hasiko da 'Basoa' gaiari buruzko VI. Begira Photo jaialdia

Itsaso Esteban 2016ko urr. 18a, 13:57

Imanol Marrodán argazkilariak, Leo Simoes jaialdiaren zuzendariak eta Garazi Arrizabalaga Museoaren zuzendariak egin dute aurkezpena.

Gaur aurkeztu dute Basoa gaiaren inguruan egingo duten Begira Photo jaialdiaren seigarren edizioa. Azaroaren 13ra arte, argazkigintza garaikideko erakusketak, solasaldiak eta aurkezpenak ekarriko ditu jaialdi horrek Durangaldera. Eguenean, El lugar de los árboles erakusketa inauguratuko dute Durangoko Museoan; eta hiru argazki libururen aurkezpena egingo dute, 18:00etatik aurrera.

Leo Simoes jaialdiaren zuzendariak aurkezpenean azpimarratu duenez, "politikoagoa" da aurtengo edizioa: gizakiaren eta naturaren arteko harremanez pentsaraztera bultzatu gura dute ikuslea eta "naturarekiko errespetua sustatzea", eta horregatik aukeratu dute Basoa gaia. Simoesek aurreratu du, jaialdiaren hurrengo bi edizioetan ere naturari loturiko gaien inguruan jardungo direla: "Harria eta mendia, eta ura izango dira hurrengo urteetako gaiak", adierazi du. "Inkontinentzia bisualaren garaiotan, Begirak irudien atzean dagoen pentsamenduari eta eduki interesateei egin gura die tokia", Simoesen berbetan.

Garazi Arrizabalaga Durangoko Museoko arduradunak azpimarratu duenez, 40 herrialdetako argazkilariek parte hartuko dute, Begira Photo jaialdiaren seigarren edizio honetan. Arrizabalagak zuzentzen duen Museo horretan, nazioarteko lau argazkilariren lana egongo da, azaroaren 13ra arte, ikusgai: Misha de Ridder, Regina Anzenberger, Pablo Castilla eta Ellen Bornkessel argazkilarien basoari buruzko ikuspegiak biltzen dituen El lugar de los árboles erakusketa kolektiboa.

Duela sei urte Durangon sortutako argazkigintza garaikidearen inguruko jaialdiak, Durangaldeko beste leku batzuetan ere izango du presentzia, gainera, aurten. Abadiñon eta Iurretan ere ikusgai izango da Begira.  Iurreta eta Durango arteko zubian tamaina handiko basoen hainbat irudi ipini dituzte, gaur, eta bertan egongo dira jaialdiak irauten duen egunetan. Abadiñoko Errota kultur etxean eta Durangoko Museoko kanpoaldean eta Plateruenean ere ipiniko dituzte Arbolada erakusketa kolektibo horretako argazkiak, kalean.

Gaurko aurkezpenean parte hartu duen Imanol Marrodán argazkilari bilbotarraren Frozen trees erakusketa, bestalde, Zornotzako Zelaieta zentroan egongo da ikusgai. Bost urtean Anboto mendian burutu duen egitasmoaren parte dira erakusketa horretako argazkiak. Anboto magiaz eta mistizismoz beteriko lekua dela, eta ondare horren balioa azpimarratu gura izan duela azaldu du argazkilariak. Besteak beste, Huescan edota Foto España jaialdoan erakutsi izan du Marrodánek Frozen trees, baina dio, "bertako paisaje hain propioa izanda, ilusio berezia egiten dit Durangaldean erakusteak".

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!