“Objektu eder bat egitea gura izan dut: itxurak edukia indartzea”

Itsaso Esteban 2016ko urr. 18a, 13:32

Durangoko Museoan izango da Begira jaialdiaren bosgarren edizioaren barruko lehenengo ekimena. ‘Calma’, ‘Pérdida de lo absoluto’ eta ‘Friederike’ argazki liburuak aurkeztuko dituzte, urriaren 20an, 18:00etan hasita. Jesus Mari Arruabarrenaren lana da ‘Friederike’, II. Mundu Gerraren ostean Espainian identitate faltsuagaz bizi izan zen mediku naziari buruzko istorioa.

Pertsonaia erreal baten historia fikzionatu duzu liburuan.
Bai, liburuak badauka fikzio puntu bat, baina protagonistaren biografia erreala da ardatza. Friederike Von Freienfels-en bizitza nahiko fidelitate handiagaz kontatzen dut, baina egoera batzuk neuk asmatutakoak dira. Frogatuta egon ez arren, oso posible ziren balizko hainbat egoera sortu ditut. Pertsonaia horren historiaren kontakizunagaz, bizitza bikoitza daraman jendeaz jardun gura nuen.

Zelan ailegatu zinen ‘Friederike’-ren historia ezagutzera?
Josef Mengeleri buruzko itzulpen bat egiten nenbilen dokumental baterako, eta asko tentatu ninduen istorio hark. Mengeleren historiak beste hainbat kasu ezagutzera eraman ninduen, tartean Friederike Von Freienfels-ena. Espainian —batez ere Costa del Solen— hainbat nazik hartu zuten babesa. Espainiako gobernuak esku zabalik hartu zituen. Istorio horietatik tiraka ailegatu nintzen Friederikengana, eta errealitate horren sinbolo bat da liburuko protagonista.

Historiako gertakari errealetan oinarritutako fikzio lanak zineman edo literaturan ikustera gaude ohituago.
Bai, eta nik ere asko edaten dut hortik: zinetik edo literaturatik oso gertu egon daiteke nire liburua. Argazki liburuetan askoz ohikoagoak izaten dira bestelako gai eta estetikak. Egia esan, gero eta gutxiago gustatzen zaidan mundua da argazki liburuena: sarritan, balio fotografiko oso txikiko lanak argitaratzen dira, eta oso gauza friboloak askotan.  

Argazkigintza baino esparru zabalagoak landu dituzu liburua egiteko. Asko ibili zara dokumentazio bila?
Ibili naiz, bai, eta ikusi ditut Friederikeren klinikako argazkiak edo sasoi hartako beste nazi batzuen argazkiak, esaterako. Baina liburuan ez dut batere sartu. Liburuan atmosfera hura  birsortzen saiatu naiz. Idazle batek berbekin egiten duen bezala, irakurlea giro horretan argazkien bitartez sartzea izan da nire ahalegina: biografia bat osatzea, eta bera ibili zen lekua eta sasoia islatzea. Izan ere, gizon honen historia potentzial handikoa iruditu zitzaidan eduki aldetik, eta bizi izan zuen atmosfera hura birsortzea erronka polita.

Alemaniatik alde egin ostean, Cadizen, Tangerren eta Madrilen bizi izan zen Friederike. Leku horietara bidaiatu duzu liburuko argazkiak egiteko?
Bai. Friederikeren oihartzuna ekartzen zidaten pertsona, leku eta giroen bila ibili naiz leku horietan. Cadizen zaila egin zitzaidan Friederikek bizi izan zuenaren antzeko atmosferak irudikatzea, eta Tangerren aldiz, denari ikusten nion kutsu hori: jendearen janzkerek, kalean topatzen dituzun egoerek... denak zaramatza garai hartara. Bestelakoa izan zen Tangerreko erronka: kamera ez zaie batere gustatzen, eta ezkutuka ibili behar izan nuen argazkiak egiten.  

Diseinu landuko liburua da.
Bai, izan ere, objektu eder bat egitea gura izan dut: itxurak edukia indartzea. Horregatik dauka liburuak mediku dietario itxura, esaterako. Argazkiak, hitzak eta diseinua norabide bertsuan joatea da asmoa. Txelu Angoitiak eta neuk kudeatzen dugun Noctis Books argitaletxeagaz argitaratu dut.

Carmen Rivero kubatarraren lana

Carmen Rivero argazkilari kubatarraren Pérdida de lo absoluto argazki liburua ere aurkeztuko dute, urriaren 20ko Durangoko Museoko hitzorduan, Begira Photo jaialdiaren lehenengo egunean. El Trapiche Cultura Fotográfica taldeak editatutako lana da liburu hori, eta egilearen berbetan, aurrez ezarritako esanahiak itxuragabetzeko ariketaren emaitza da Pérdida de lo absoluto liburukoa: aldaezintzat dauzkagun hainbat erreferente eta eraikuntzari esanahi berriak emateko gonbidapena.

 

Ximena Almeydaren 'Calma' liburua

Pewen Cuadernos de Fotografía argitaletxearen lehenengo lanaren aurkezpena ere hartuko du Begira Photo jaialdiaren seigarren edizioak, urriaren 20an. Ximena Almeydaren Calma argazki liburua aurkeztuko dute. Begira jaialdia antolatzen duen Kinua elkartearen eta Hegoamerikako argazkilarien lana ezagutzera emateko sortu duten Muga argitaletxearen proiektua da liburu horren argitalpena. Ros Boisier eta Leo Simoes proiektu horien bultzatzaileek aurkeztuko dute Almeydaren liburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!