Durangoko arduradunek gaia "diskrezioz" landu gura izan duten arren, Baionako ordezkariek prentsan batzarraren berri eman dute. Behin gaia publiko eginda, Juan Manuel Iriondo 'Txapo' DRT-ko presidenteak azaldu duenez, baionarrak izan ziren Durangoko Udaletxean batzarra egitea eskatu zutenak.
AS Bayonne errugbi taldeko presidentea eta Baionako Udaleko zinegotzia izan ziren batzarrean parte hartu zutenak. "Barkamena eskatzeagaz batera, berandu erantzun dutela aitortu zuten", dio Iriondok. DRT-ko presidentearen arabera, Durangoko Udaleko Berdintasun batzordeak erasotutako emakumeei barkamena eskatzea eskatu zien AS Bayonneko ordezkariei. Ildo horretatik, lapurtarrek erasotutako emakumeei zuzendutako barkamen gutuna idazteko konpromisoa hartu zuten.
Erasotutako emakumeek barkamena onartuz gero, harremana normalizatzeko bi udalek eta bi taldeek beste urrats batzuk emateko asmoa dutela aurreratu du Iriondok. "Errugbian balore zehatz batzuk lantzen ditugu eta horrelako jarrerak ezin daitezke onartu. Bakoitzak bere arloan gai hau landuko du horrelakorik berriro gertatu ez dadin".