AS Bayonne errugbi taldeko jokalari batzuen eraso sexistak salatu dituzte

Anboto 2016ko ira. 23a, 08:00
Rugby Tabernan gertatu ziren erasoak irailaren 3an.

Durangoko Rugby Tabernan gertatu da; biktimek jasandakoaren berri eman diote DRTri; klubak euren babesa eskaini die, “zero tolerantzia”aldarrikatu du eta ez du gehiago AS Bayonne gonbidatuko.

Irailaren 3an Durango Rugby Taldeak eta AS Bayonnek partidu bat jokatu zuten DRTk gonbidatuta. Ostean, AS Bayonneko jokalari batzuk Durangotik ibili ziren. Rugby Tabernan zeudela, Durangoko neska batzuek errugbilarien partetik erasoak jasan zituztela salatu dute. Eraso horien berri eman zioten DRTri. Klubak erasoa jasandakoei babesa eskaini die, eta egoeraren aurrean hainbat neurri hartu ditu.

Neska koadrila honek gutun baten bidez helarazi zion DRTri zapatu gau hartan gertatutakoa. Hona erasoak salatzen dituzten gutun horretako pasarte batzuk: “Dantzan ari ginela hasi zen eraso, irain, ukitze eta bestelakoen festa… Bizkarrean musuak eta laztanak eman zizkiguten, behin baino gehiagotan ipurdia ukitu, ilean eskuak jarri, dantza egitera derrigortu, iraindu. Gutako bat komunean zegoela, lau jokalariren artean hartu eta ez zuten bakean utzi, neskak aski zela esan arte. Tinko jarri eta beraiengana joan ginen, aurre egitera. Gero, haietako batengandik tirakadak jasan genituen”. Gutunean zehazten dutenez, “badakigu soberan zuen jokalariek [DRTkoek] ez zutela inongo erasorik egin, ez gatoz hori salatzera, baina gertatutakoaren erantzukizuna taldeak zeukala uste dugu”.

DRTk gutuna AS Bayonnera bidali zuen, eta astebetean erantzuteko eskatu zion. Ez dute erantzunik jaso.

Protokolo bat martxan

DRTk “erasoen biktima sentitu diren emakumeei elkartasuna” adierazi die, eta “euren esanetara” jarri da, “behar denerako”. “Eraso sexista adierazten duen edozein jarrera salatzen dugu”. Horregaz batera, Durangora “berriro gonbidatuko ez dituztela” jakinaraziko diote AS Bayonneri. Gainera, Rugby Taberna erasorik gabeko espazio librea izateko eta aitortzeko “beharrezko pausoak ematen” hasiko dira, eta “ekintza protokolo bat sortuko” dute etorkizunera begira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!