Durango Rugby Taldea, 30 urtean hazten eta hazten joan den utopia

Anboto 2016ko ira. 30a, 21:02

DRTren aurtengo taldeak aurkeztu dituzte. Gaur egun 200 bat lagunek osatzen dute kluba. Rugby eskolan 80 gazte dabiltza eta 10-12 urtera arteko talde biak lepo daude: “Gero eta gehiago gara”, azaldu du klubeko presidente Juan Manuel Iriondok.

Urtero legez, DRTk Goienkalen duen tabernaren aurrean egin dute aurkezpena. Felix Arkarazo aktoreak egin ditu aurkezle lanak. Sorreran “utopia” zirudien proiektua gaur egun Durangoko “ohiko paisaia bihurtu” dela azpimarratu du. DRT 1986an sortu zuten eta 30 .urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi prestatzen dabiltzala aurreratu du.

Jokalari, entrenatzaile eta zuzendarien artean 200 bat lagunek osatzen dute kluba. Horietatik 80 bat Bambino Rugby Eskolan dabiltza; 8 urtetatik 14 urtera arteko lau talde dituzte eta 10-12 urte arteko bietan plaza denak beteta daude.

16 eta 18 urtez azpiko talde banak eta emakumeen zein gizonen senior mailako taldeek osatzen dute aurtengo familia, Nissan-Gaursa babesle nagusi dutela. Aurtengo nobedadeetako bat gizonen senior mailan Elorrio Rugby Taldeagaz hitzarmen bat sinatu dutela da. Bientzat “onuragarria” izango den akordioa dela uste du Iriondok. Emakumeetan Zornotzako bost-sei neska berri batu dira taldera: “Ez zuten non jokaturik eta iaz gurekin entrenatzen aritu ostean aurten taldera batu dira”. Beraz, Uribealdeko, Durangoko eta Zornotzako emakumeek osatuko dute aurtengo taldea.

Gizonen talde nagusiko aurtengo helburua sei onenen artean sailkatzen saiatzea dela azaldu dute. Oskar Astarloa eta Kemen Goitiandia dira talde nagusiko entrenatzaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!