Aurten, zornotzarra DRTra batu ostean, formula bera errepikatuko dute. Iazko denboraldiagaz alderatuta, salto kualitatibo bat eman gura dute, eta horretarako oinarriak lantzen dabiltza; esaterako, ia hilabete aurreratu dute aurredenboraldi hasiera. Proiektua sendotzerako orduan beste osagai bat ere azpimarratu beharra dago: DRTk eta Elorrio rugby taldeak jokalariz elkar elikatzeko adostutako akordioa. Ilusioa pizten duten osagaik dira, inondik ere.
Kemen DRTra batzea zure proposamena izan da, Oskar?
Oskar Astarloa: Nik komentatu nuen Kemen ezagutzen nuela, Gernikako bere etapa amaitu zela sentitzen zuela eta bera ekartzea posible bazen ederto legokeela.
Kemen, Gernikako zikloa amaitu zen sentsazioa zeneukan?
Kemen Goitiandia: Gauzak beste era batera egiteko proposamenak egin nituen Gernikan, eta ikuspuntu desberdinak genituela ikusi nuen. Berez, ez nuen Gernika utzi hona etortzeko; baizik hura uzteak ate berriak zabaldu zizkidan beste edozein bide hartzeko.
Batak bestea ondo ezagutzen duzue, ezta?
O.A.: Bai. Hainbat urtetan iturri beretik edan dugu errugbia ulertzerako orduan. Esaterako, Euskadiko selekzioan Jeremy Spencer entrenatzailea ezagutu genuen, eta haren filosofia eta lan egiteko modua atsegin genituen. Zer egin eta zelan jokatu azaltzen zigun, eta hori baino garrantzitsuagoa zena: zergatik egin horrela. Bai, Kemenek eta biok antzerako kontzeptuak ditugu, eta arin heltzen gara adostasunera.
Kemen, zuk lehenengoz irten duzu zure ‘habitat’ naturala zen Gernikatik. Orain arte zelan aurkitu zara Durangon?
K.G.: Oso pozik, gustura eta lanerako gogoz. Arazorik barik moldatu naiz taldera. Egia da Gernikan baino ez naizela aritu orain arte, baina beti izan dut hartuemana inguruko jokalari askogaz. Euskadiko selekzioagaz arituz edo Europako txapelketak jokatuz hainbat entrenatzaile eta jokalari ere ezagutu ditut. Horrek aberastu egiten zaitu.
Harrobian oinarritzen den klub batera etorri zara.
K.G.: Bai. Gernikan ere ikusten nuen lanetako bat horixe zen: etxeko jendea trebatzen lan egin beharra zegoela, orain ereindakoa etorkizunean jaso ahal izateko. DRTn jende gazte asko dabil, gogotsu, ikasteko gogoz eta horrek erraztu egiten du gure lana.
Iaz amets bat bizi izatetik zetorren taldea Ines Etxegibelegaz igoerako play off-a jokatu ostean. Ikuspuntu horretatik espero baino denboraldi apalagoa izan zen?
O.A.: Inesena eta gurea ez zen talde berdina. Esperientziadun hainbat jokalari beterano falta ziren. Haiek ematen zutena berreskuratzea kosta egiten da eta denbora eskatzen du. Gazteei edo beste jokalari batzuei aukera emateko baliatu genuen. Aurten iazko taldeari eusten diogu, eta beheko taldetik hiru jokalari igo dira, nahiko maila onekoak.
Bestelako nobedaderik bai aurten?
O.A.: Aurredenboraldia abuztuaren 24tik abuztuaren 1era aurreratu dugu.
Ia hilabete aurreratu duzue denboraldi hasiera? Aldaketa handia da.
K.G.: Azkenean liga irailaren 18an hasten da, eta arraroa dena ez da abuztuaren 1ean hastea; normala ez zena abuztuaren 24an hastea zen.
O.A.: Iaz abuztuaren 21ean hasi ginen. Aste bat entrenatu, Santanderren kontrako prestakuntza partidua jokatu, eta liga hasiera.
K.G.: Hori da normala ez zena. Azkenean mentalitatea apur bat aldatzea da. Profesionaltasun kontua da. Ez diruari lotutako profesionaltasuna, baizik kirolari berari lotutakoa. Horrek denboraldiari fisikoki hobeto ekiteko modua ekarriko du. Bestelakoan, kontzeptuak-
eta asimilatzeak denbora zein heldutasun puntu bat eskatzen ditu, eta uste dut, alde horretatik, denboraldia aurrera doan heinean joango garela hobekuntzak nabaritzen.
Jokalariek zelan hartu dute erabakia?
O.A.: Ez dugu arazorik izan. Entrenamenduak etorri ahal zirenekin hastea erabaki genuen. Lau batzen baginen, ba, lau. Baina 17-25 artean batu izan gara. Elorrioko errugbi taldeko batzuk ere etorri dira.
Zein da DRTren eta Elorrioren arteko hartuemana gaur egun?
O.A.: Orain hilabete inguru akordioa sinatu zuten klub biek. Talde bietako fitxa eduki daiteke batean zein bestean jokatzeko. Horrela, esaterako, Elorriotik etorritako batek DRTgaz sei partidu jokatzen baditu DRTko lehen taldera pasatuko da.
K.G.: Aukera asko zabaltzen ditu. Esaterako, gure taldean minutu gutxi duten jokalariek Elorrion gehiago jokatzeko aukera izan dezakete erregulartasun bategaz. Hartuemana norabide bietakoa da.
Kontatu didazuen guztiak ilusioa pizteko hainbat osagai ditu. Zein izango da gizonezkoen lehen taldearen helburua aurten?
O.A.: Ohorezko B mailan lehenengo seien artean sailkatzea eta play off-a jokatzea da helburua.
K.G.: Helburu moduan ondo ikusten dut. Horrek erakusten du dinamika aldaketa bat dagoela. Azterketa batean hamar ateratzea helburu jarrita zortzi bat lortzen bada, jomuga sei bat baldin bada ez gainditzeko arriskua dago. Horri lotuta beste helburu bat dugu: sortzen gabiltzan dinamika berri hau finkatzea. Eta hori lortzen badugu, play off postua lan horren ondorioa izango da.
Kemen, iaztik zure herrikideek zuk sekula izan ez zenuen aukera dute Zornotzan bertan errugbian aritzeko Urgozo taldearen bidez.
K.G.: Errugbi talde berriak sortzea eta jende ekintzailea aurkitzea pozgarria da beti. Ni oraindik Gernikan nengoela galdetu zidaten entrenatzaile aritzeko… esku bat botatzeko prest egongo naiz beti. Inguruan, Durangaldean, beste talde bat izatea aberasgarria da. Gure artean hartueman ona mantzentzen badugu, errugbiarentzat ona izango da.