"Jasangaitza da, egunero daude kristalak beltz eta egunero dago hatsa"

Anboto 2016ko ira. 2a, 11:04

Aramotz auzoko bizilagun batek fotodenuntzia bidali du, Fumbarri enpresako kea arnasteagatik kezkatuta dagoela azaltzeko.

Martxoak 8 kalean bizi da Alfre Elgezabal, eta Fumbarri galdategiak isurtzen duen keagatik haserre dago. Atzo ere, goizean goiz laino beltz bat ikusi zuen, eta egoeraz informatzea erabaki zuen.  "Jasangaitza da, egunero daude kristalak beltz eta egunero dago hatsa". Osasunerako kaltegarria dela uste du, eta kezka sortzen dio: "Pertsonen osasunak lehentasuna eduki beharko luke gauza guztien gainetik". Adierazi du ez duela airearen kalitatearen neurketen inguruko berririk, baina ez da fio. "Neurketak suposatzen dut legearen barruan egingo dituztela. Baina legezkoa bada botatzen duen kaka, legea bera da kaka". Egoera, inguruko bizilagunek sarri komentatu izan duten egoera dela azaldu du Elgezabalek.

Aire kutsatuaren muga
Iaz, Durangaldean, Durango eta Zornotzako estazioetan, suspentsio partikulen (EKologistak Martxanen arabera osasunerako kaltegarrienak) datuek Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ezarritako muga pasa zuten: aire kutsatuaren maila 41 bider gainditu zen iaz. San Roke auzoagaz lotuta, 2013ko datuak aintzat hartuta, MOEk suspentsio partikulei ezarritako muga gainditu zen.

Bestalde, Fumbarri enpresan silikosi kasuak (silize hautsa arnastearren) agertu direla salatu izan dute sindikatuek. 70etik 15 behargin silikosiak jota ei daude, LABek apirilean emandako azken datuen arabera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!