LABek deituta, manifestazioa egin dute Fumbarriko silikosi kasuak salatzeko

Anboto 2016ko api. 28a, 17:25

Manifestazioa Fumbarri paretik irten da.

Osasun laboralaren nazioarteko eguna da gaurkoa, eta LAB sindikatuak protesta egin du Durangoko kaleetatik. Fumbarrin, beharginen %20k silikosia dutela ohartarazi du.

"Gauzak badoaz aurrera, baina ez behar den abiaduran". Jon Karlos Larrinaga Fumbarriko langilearen berbak dira. Azaldu duenez, gauza batzuk egin dira enpresan egoera hobetzeko, baina aurrera begirako "plan orokor" bat behar dela uste du. Urterik urte silikosi kasuak tantaka etortzen direla salatu du; uneotan, 70 langiletik 15ek dute silikosia, eta horietatik bik ezgaitasun iraunkorra daukate. Gainera, jubilatuei ere agertu izan zaiela azaldu du: "Gaixotasuna ez da egun batetik bestera irteten. Batzuei, jubilatu ostean agertzen zaie, etxera joan ostean".

Arearen silize hautsa airean geratzen da, eta hori arnastuta birikiak kaltetzeko arriskua sortzen da. Hortik dator silikosia. CCOO sindikatuak ere neurriak hartzea eskatu dio Fumbarriko zuzendaritzari.

Bestalde, LABeko Jon Ugartek gogoratu du "azken urtetan laupabost istripu larri" eduki dituztela Fumbarrin.

Domekan, Ezkerraldera
Maiatzaren Lehena Ezkerraldean ospatuko du LAB sindikatuak. Hain zuzen ere, Portugaletetik Sestaorako martxa egingo dute, 11:30ean hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!