Aire kutsaduraren maila 41 bider gainditu zen iaz, Ekologistak Martxanen txostenaren arabera

Anboto 2016ko uzt. 8a, 11:20

Airearen kalitateak okerrera egin zuen 2015ean. Hori da Ekologistak Martxan erakundeak Espainiar estatuan egindako azterketaren ondorioa, eta kezka azaldu du azken urteetako joera baikorra eten egin delako. Neurgailu ofizialen datuak erabili dituzte txostenean, eta suspentsio partikulak, nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa eta ozono troposferikoa izan dira kontuan hartutako kutsagaiak.

Durangaldean, Durango eta Zornotzako estazioetan, suspentsio partikulen datuek Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ezarritako muga pasa zuten: aire kutsatuaren maila 41 bider gainditu zen iaz. Suspentsioko partikulen arloan, Euskal Herriko daturik txarrenak dira Durangaldekoak, Zornotzakoak batez ere.

Zelaieta parkeko estazioan urteko 12 egunetan gainditu zen partikula handienen (PMıo) muga balioa –50 mikrogramo metro kubikoko–, eta 9 egunetan partikula txikienen (PM2,5) langa, 25 mikrogramo kubikokoa. Durangon, 7 eta 13 egunetan gainditu ziren mailak, hurrenez hurren. MOEren gomendioak dio, 3 egunetik gorako datua ez dela onargarria.  Zumarragan, esaterako, gehiagotan gainditu ziren mugak, 16 eta 22 egunetan, baina urte osoko datuen batezbestekoa eginda, Zornotzakoak dira daturik okerrenak.

Kutsagarrienak
Ekologistak Martxanekoek azaldu dute, zientzialarien arabera suspentsio partikulak direla substantzia kutsagarrienak, eta arnas-arazoak edota biriketako minbizia eragin ahal dituztela. Suspentsio partikulen baitan, airean esekitako substantzia ugari sartzen dira. PM2,5 partikula txikiak dira osasunerako kaltegarrienak, gorputzeko arnasbideetan errazen sartzen direnak baitira. Trafikoak, industriak edota zentral termikoek isurtzen dituzten materialak daude tartean, Ekologistak Martxaneko ikerlariek diotenez.

Indize desberdinak
Amankomunazgoak 2013an egindako ikerketaren arabera, eskualdeko aire kalitatea onargarria zen, eta 2006az geroztik, hoberantz egin zuela adierazten zen. PM2,5-aren batez besteko orokorrak ez zuen MOEren muga gainditzen, baina gune batzuetakoek bai, Durangoko San Rokekoak, adibidez. Kontua da airea neurtzeko instituzioek erabili dituzten indizeak ez direla MOErenak, Europar Batasunak ezarrita dituen indize malguagoak baizik. Ekologistak Martxanek salatu du indize horiek MOErenetara hurreratzeko saiakera egin zela Europan, baina agintariek atzera bota zutela.

Neurri eske
Txostenean islatu dutenez, industriak edukitako suspertzeak eta trafikoaren areagotzeak zerikusia izan dezakete 2015ean airearen kalitateak txarrera egiteagaz. Ekologistak Martxan erakundetik, trafikoa murrizteko eta oinezko zein bizikleta bidezko garraioak indartzea eskatu diete instituzioei. Bestalde, industria instalazioak hobetzea,  energiaren kontsumoa bajatzea eta energia berriztagarrien alde egitea ere eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!