Portugaleteko mugimendu feministak fitxaketa gaitzetsi du, eta gogoratu du indultatua izan arren, erruduna izaten jarraitzen duela. Gainera, Abasolok urteotan ez duela barkamenik eskatu kritikatu dute feministek, eta horregatik, "bere rehabilitazioa zalantzan" jartzekoa dela. Auziaz geroztik, beste hainbat taldetan ibili da durangarra; Zamudion, adibidez, alkatea eta klubaren arteko akordio baten ondorioz kontratua eten ziotela azaldu du mugimendu feministak.
Klubak, hala ere, tinko babestu du Abasolo. Euren ustez, futbolariak edozein herritarrek lako eskubideak ditu: "Erakunde, elkarte edo alderdi politikoek ezin dizkie eskubideak ukatu herritarrei". "Diskriminazioaren aurka" agertu da kluba, eta "Abasoloren laneko integrazioaren alde". Horrez gainera, "tolerantzia, berdintasuna, errespetua eta legearekin konprometitutako" taldea dela gogoratu du.
Iazko abenduan Durangoko mugimendu feministako kide bat salatu zuen Abasolok, bere aurka irainak egitea egotzita. Gero, epaileak artxibatu egin zuen auzia.