Abasolori emandako indultoa gaitzetsi dute aho batez osoko bilkuran

Anboto 2012ko ots. 1a, 09:03
Bilgune Feministak helarazitako mozioa onartu dute Durangoko alderdi politiko guztiek. PSE-EEk fiskaltzara jotzea proposatu du, hark epaileari Paul Abasolori arindutako zigorra kartzelan betearaztea eskatzeko, baina mozio hori ez da aurrera atera; EAJk eta Bilduk esan dute horrek indultoa onartzea esan gurako lukeela

Bilgune Feministak helarazitako mozioa onartu dute Durangoko alderdi politiko guztiek. PSE-EEk Paul Abasolori arindutako zigorra kartzelan betearazteko fiskaltzara jotzea proposatu du, baina mozio hori ez da aurrera joan; EAJk eta Bilduk esan dute horrek indultoa onartzea esan gurako lukeela.

 

"Emakume eta gizonen berdintasunerako lorpenean atzerakada" suposatzen duelako, aho batez gaitzetsi dute Durangoko udal ordezkariek Paul Abasolo futbolari durangarrari bost emakume erasotzeagatik jasotako zigorraren indulto partziala. Hasieran indultoa atzera botatzeko eskatu gura zuten, baina hori ez da posible. Azkenean gaitzespena eskatu dute Bilduk Bilgune Feministaren izenean aurkeztutako mozioan.

 

Bilduko Norone Bizkarrak Bilgune Feministaren idatziagaz bat egin du eta garrantzitsua iritzi dio udal moduan indultoa gaitzestea. Gaitzespenaz gainera, erabakia hedatzeko "herrian bandoak ipintzea" proposatu du Bilduk. Indultoagaz sexu erasoei "inpunitatea" eman zaiela kritikatu du Aralarko Dani Maeztuk, eta salatu du indultoa irakurrita ez dela ikusten "zer arrazoigatik ematen zaion". Ildo beretik, EAJko Goiztidi Diezen iritziz, indultoagaz "herriari ematen zaion mezua larria da" eta sexu erasoen aurrean tolerantziarik ez dela onartu behar aldarrikatu du.

 

PSE-EEren mozioa

Pilar Rios PSE-EEko bozeramaileak ere gogor kritikatu du indultoa, eta beste mozio bat aurkeztu du, fiskaltzak Abasolori arindutako zigorra kartzelan betearaztea eska dezan. Mozioa ez da onartu, EAJren kontrako botoekin eta PP, Aralar eta Bilduren abstentzioagaz. Bilduk eta EAJk adierazi dute mozioaren alde bozkatzea "indultoa onartzea" litzatekeela. Aralarrek azaldu du indultoa ez egotea gurako luketela, "baina gura dugu baita zigor hori kartzelan betetzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!