Etxebakoen gaueko pentsioa laster zabaltzeko esperantza daukate

Anboto 2016ko eka. 15a, 15:17
Ezkerretik hasita: Estefanía, Legarreta, eta Caritaseko Carlos Bargos.

Caritasek gestionatzen duen etxebakoentzako Etxepel zentroan gaueko pentsioa zabaldu gura dute. Alberto Estefaníak azaldu du Aldundiagaz eta Amankomunazgoagaz berbetan dabiltzala, eta finantzazioa lortzen badute, laster zabaltzea espero dutela. Prentsaurrekoan Cafés Baquéren ekarpena aurkeztu dute.

Izan ere, "laguntza publikorik barik ezinezkoa izango da gaueko zerbitzua martxan ipintzea", Etxepelekoek diotenez. Uneotan, eguneko zentroa kudeatzeko 150.000 euro erabiltzen dituzte urtean, eta gauekoa zabalduz gero, gastua 400.000 eurora igoko litzatekeela azaldu du Estefaníak. Etxe barik daudenei zuzendutako pentsioak 11 plaza izango ditu.

Baquéren ekarpena
Informazio hori, Cafés Baquéren ekarpena aurkezteko prentsaurrekoan eman dute. 50 kilo kafe eman dizkio enpresak Etxepeli, etxebakoek 2016an zehar zentroan kontsumitzeko. "Kafea, etxeko beroa, familian zaudela gogorarazten dizuna" dela esan du Baquéko Akier Legarretak. Aurrerantzean ere, Caritasegaz lankidetzan jarraitzeko asmoa agertu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!