Etxebakoak, bizi hobe baten bila

Anboto 2015ko abe. 18a, 09:00

Etxepeleko egoitzan burututako solasaldia, Albertso Estefanía arduradunagaz eta etxerik barik dauden bi erabiltzailegaz (nortasuna gorde gura izan dute).

Intxaurrondoko Etxepel zentroan sartu, eta Gabonetako apaingarriak ipintzen topatu ditugu hainbat lagun. Etxebakoak dira. Etxeagaz batera familia ere galdu zuten, eta bakardadean eta gizarteak baztertuta bizi izan dira geroztik. Hainbat topiko eta aurreiritzi daude ezarrita eurengan, eta kale bazterrean limosna eskatzen irudikatzen ditugu. Baina horren atzean, era askotako istorio dramatikoak daude. Noraezean zeudela, Caritasek bultzatutako eguneko zentroagaz topo egin zuten, eta aurrera begiratzeko babes bat daukate orain. Etxepelen aurkitu dute, Gabon giroan bezala, urte osoan behar duten familia.

Kazetariagaz euren bizitzaz berba egitea ez zaie erraza egiten, eta euren nortasunak babestu gura izan dituzte. Baina egoera sozializatu gura dute. 54 urteko gizona eta 47 urteko emakumea hurreratu dira solasaldira, Alberto Estefania Etxepeleko arduradunagaz batera.

Autoan lo egiten
Gizonak 13 urte daramatza Durangon bizitzen. Andreagaz alokairuan bizi zen, eta, duela urte eta erdi banandu zirenean, etxerik eta errekurtsorik barik geratu zen, kalean. “Hasieran etxe prekario batean egon nintzen, baina hotz handia sartzen zen, eta autoan lo egitea erabaki nuen. Caritasera jo nuenerako, jateko ere ez neukan dirurik. Hemen, jaten eman didate, baita arropa ere, eta ikastaroak egin ditut”. Uneotan, Caritasek Durangon dauzkan pisuetako batean egiten du lo, eta oinarrizko errentaren laguntza tramitatzen dabil Etxepelekoekin. Ez hori bakarrik, arreta eta laguntza psikologikoa ere jasotzen du tutoreen partetik. Egunero joaten da zentrora: “Ortuan lan egitea gustatzen zait, sukaldean ibiltzea eta garbitzea ere bai”. Asteburuetan itxita egoten da zentroa: “Txartoen asteburuetan pasatzen dugu. Bakardadearen pisua da, baina guretzat normala da”.

Lanerako prestatzeko ikastaro bat egin du, eta laster lana topatzeko esperantza dauka. “Ea jendeak gure egoeran daudenak babesten dituen. Gauetik egunera, edozein gera daiteke gure moduan”.

Alaba barik
Kasu gogorragoa da 47 urteko emakumearena. Badu familia, baina ez da eurekin konpontzen, eta bere alaba ere familiak zaintzen du. Espainiar estatuan hara eta hona ibili, eta Durangon  egokitu da azkenaldian. Logela bat alokatuta eta oinarrizko errentaren laguntzagaz bizirauten du. Etxepelegaz oreka hartzen dabil berriro. “Beti egon izan naiz muturreko egoeretan. Haurdunaldian, beharrezko elikagai eta ekografiarik barik ibili nintzen, penintsula zeharkatuz”. Esperientzia txarrak eduki ditu, indarkeria jasan du, eta bere buruaz beste egiteko zorian egon da. “Etxepelek bizia salbatu dit, dagoeneko ez naiz bakarrik sentitzen”. Amankomunazgoko gizarte zerbitzuetako teknikarien lana eta tratua ere eskertu ditu.

Pentsiorako, dirurik ez
Berriro gizarteratzeko saiakeran laguntzea da Etxepelen helburua, Alberto Estefaniak dioenez. 09:30etik 17:00ak arte, gosaria, bazkaria, solasaldiak eta ekintzak egiten dituzte.   Osasun arreta eta higiene aukera ere ematen dute. Etxebako bakoitzak tutore bat dauka, prozesu pertsonalean laguntzeko.

Duela urtebete pasatxo zabaldu zenetik, eguneko zentroa da Etxepel, baina, gauerako, pentsio soziala martxan ipini gura dute. “Ez da jenderik ikusten kalean lo egiten, baina beharrizan handia dago”. Finantziazio faltagatik zabaldu barik dago pentsioa. “Administrazioek diote ez dagoela dirurik. Nik uste dut badagoela, baina beste gauza batzuetara bideratzen dela. Legearen arabera, Aldundiagaz egin beharko genuke elkarlanerako hitzarmena, baina 2016an ere ez digutela lagunduko esan digute”. Caritasen pisu bietan daude nora joan ez dutenak. Momentu honetan, kalean lo egiten duten pertsona bi daude Etxepeleko eguneko zentroan.   

Estefaniak, etxerik barik edozein gera daitekeela uste du. “Muga hori gero eta lausoagoa da”.  Horregatik, gizarte osoari begira inbertitu behar dela uste du. Krisiagaz kopuruak handitu dira; Bizkaian 500-600 lagunek egiten dute lo kalean, 3.000 daude eta etxerik barik.

Neguko aterpetxea
Durangaldeko Amankomunazgoak aurten ere Neguko aterpetxea zabaldu du, Tabirako Errota ostatuan gelak alokatuta. Martxora arte, hiru egun jarraian lo egiteko aukera eskainiko dute. Iaz, 110 lagunek egin zuten lo bertan. Neguko eguraldi hotzaren aurrean, larrialdiko babesa da aterpetxea.
Bestalde, kalean lo nahita egiten dutenaren topikoa gezurtatu du Estefaniak. Dioenez, batzuek ez dute baliagarri ikusten egun batzuetan han-hemengo aterpetxeetara joatea. Azken batean, etxebako guztiek soluzio bat gura dute, etxe bat. “Ez ditugu opariak eskatzen jendearentzat, euren eskubidea da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!