Gazterik utzi duzu saskibaloia. Zergatik?
Gauza asko pilatzen dira. Bizitza aldatzen doa, saskibaloiak astean ordu askoko dedikazioa eskatzen du, asteburuak kanpoan… Konpromiso bat hartzen dudanean ehuneko ehun ematea gustatzen zait, eta ezin badut hobe da uztea. 21 urtean asteburuak okupatuta izan ditut, eta denbora libre gehiago behar dut bikotekideagaz egoteko zein beste afizio batzuei tokia egiteko: mendia, asteburu pasak…
Azken partidua igoera fase batekoa izan da.
Taldean eta klubean komentatu nuen, igoz gero, beste urtebetez jarraituko nuela. Orain lau-bost urte, EBA mailan egon ginenean, oso gustura aritu nintzen. Igoera fasekoa pena izan zen.
Zer falta izan zitzaizuen?
Finalerdian, partiduko une batzuetan zortzi-hamar puntugatik irabazten egon ginen. Orduan heldu ziren gure erabaki txarrak zein epaileen hala moduzko erabakiak. Azken laurdenean parekatzea lortu genuen eta… pena. Saskiratze batera geratu ginen.
Iaz irregular ibili ostean, aurten zer gertatu da itxura hainbeste aldatzeko?
Iaz Iskanderrek [De Dios, entrenatzailea] lehen denboraldia zuen, eta lehen urteko hainbat jokalari genituen. Osagai denak behar den moduan uztartzea kostatu zitzaigun. Aurtengoa bigarren denboraldia izan da. Horrek lagundu egiten du. Gainera, Gabonak arte prestaketa fisiko berezia egin dugu, eta emaitzetan igarri da.
Proiektu egonkorra izan daiteke?
Aurrera begira, esango nuke badaudela oinarriak proiektu polit baterako. Behetik datozenak ere baliozko jokalariak direla erakusten ari dira. Begira erregionalekoek lortu duten igoera.
Emakumeen taldeak urteak daramatza proiektu egonkorragaz.
Bai, aurten ere igotzeko zorian izan dira. Durangon jokatutako lauko finala ikusi nuen, eta, egia esan, Durangon sekula ikusi ez dena lortu zuten: kiroldegian hainbeste jende batzea, asko umeak, bizi izan genuen giroa… nik uste dut urte askotarako afizioa sortu zutela. Ume zein heldu, denok gozatu genuen. Urte asko daramatzate goi mailan. Zorionak eurei.
Datorren urtea zeuretzat hartuko duzu. Epe luzeagora begira, zer asmo daukazu?
Datorren urtean talderen bati laguntzen amaitzeko arriskua dut. Ezagutzen dut neure burua (barreak). Baina, bai, urte bat neuretzat gura nuke. Ostean, inguruko egoerak ahalbidetzen badit, entrenatzaile lez jarraitzea gustatuko litzaidake. Bost urtean kadeteekin ibili naiz, eta Espainiako txapelketa bitan parte hartu dugu. Azken urteetan, jokalari moduan beste gozatu dut entrenatzaile moduan. Biak balantzan jarrita, aurrerantzean nire tokia entrenatzaile moduan dagoela uste dut.
Tabirakon bertan?
Bai, bai, Tabirakon. Horretan ez dut dudarik. Nire ibilbidean, beste talde batzuetan jokatzeko aukera izan dut, eta hemen jarraitzea erabaki dut. Hamar urte nituenetik Tabirakok eman didana ordaintzeko modurik ez dago. Ordaintzeko modu bakarra nire dedikazioa eskaintzea da: jokalari lez orain arte, eta entrenatzaile lez aurrerantzean.
Harrobiko entrenatzaile ala zerbait gehiago?
Orain arte harrobian aritu naiz, eta asko gustatzen zait. Urte batzuetara, talde nagusiago bat entrenatzea gustatuko litzaidake. Erronka desberdina da. Tira, ikusiko dugu hemendik urte batzuetara non gauden.