Landako kiroldegiak emakumeen lauko finala eta gizonen igoera fasea hartu ditu azken asteburu bietan: “Aukera horrek saskibaloia barrutik bizitzeko modua eskaini die zaleei, eta dena eman dute. Ilusioa eragin du herrian. Hori oso garrantzitsua da”, dio Ina Mendibe klubeko presidenteak. Urteetako lanaren ondoria dela uste du: “Guri gozatzea egokitu zaigu”. Tabirako Baqueko gizonen bigarren taldeak Bigarren Nazional mailan jokatuko du hurrengo denboraldian. Durangon lortu zuten igoera La Salle eta Escolapios taldeak mendean hartuta. Iaz ere liga txapeldun geratu ziren maila berean, eta ez igotzea erabaki zuten. Aurten erronka berriari adarretatik helduko diote: “Goragoko mailan lehiatzeko desiratzen dagoen talde gazte eta konprometitua dugu. Gogotsu daude”.
Zegokion tokira
Gizonen lehenengo taldea finalerdietan kanporatu zuten Donostian jokatutako igoera fasean. EBA mailara igotzeko ametsak beste aukera bati itxaron beharko dio. Azpeitiko ISBren kontra bete-beteko partidua jokatu, eta azken unera arte aurpegia eman zuten: 72-69. Azken uneko hirukoa sartu izan balitz… Edozelan ere, iaz euren mailatik behera ibili ostean, Durangoko taldea dagokion tokira bueltatu da aurten: “Taldea finkatzea lortu dute. Aurreko urteetan seriotasuna falta izan da. Aurten talde konprometitua lortu da eta txapela kentzeko moduko denboraldia osatu dute”. Hartutako bideari jarraipena ematea da hurrengo urratsa: proiektua egonkortzea.
Ondo errotutako zuhaitza
Emakumeak bigarren mailara igotzeko atarian geratu ziren Logroñon. Sekula etsitzen ez duten taldea direla erakutsi zuten beste behin, eta burua ondo goian dutela amaitu dute denboraldia. Gainera, talde onena ez da egun bateko lorea. Azken urteetan goiko postuetan ibiltzera ohitu dira, eta aurtengoa dinamika positibo horren ondorioa izan da. Esperientziaren eta gaztetasunaren arteko oreka emankorra aurkitu dute, eta harrobiko klub batentzat ez dago hori baino funtzionamendu hoberik.
Tabirako kluba Durangoko neskatoen lehen aukera da kirol bat aukeratzerako orduan. Mutiletan talde batzuk osatzeko arazoak izan badituzte ere, nesketan kontrakoa gertatzen da: eskaria eskaintza baino handiagoa da. Desoreka horrek bere ardurak eragiten dituen arren, oparotasuna kudeatzea gabeziari aurre egitea baino hobea da beti.