Tabirako Baquék lauko finala irabazi du luzapen biren ostean

Anboto 2016ko mai. 8a, 21:51

Tabirako Baquék sufritzen badakien taldea dela erakutsi du. Luzapen bi behar izan ditu Nafarroako taldea mendean hartzeko. Datorren asteburuan Lehenengo Nazional Mailako igoera fasea jokatuko dute Logroñon.

Hitzordu garrantzitsua bertatik bertara jarraitu gura zuten zaleek lepo bete dute Landako kiroldegia. Tabirako Baquék eta Nafarroako Lagunak Lakita taldeek emozioz betetako finala jokatu dute. Tabirako sei puntu aurretik heldu da atsedenaldira (31-25). Hirugarren laurdenean nafarrek agindu dute, hein handian errebotea eurena zelako. Horrela Tabirakok atzetik ekin dio azken laurdenari (41-42). Nuria Maurtuak eta Marian Fernandezek segidan sartutako saskiratze biri esker aurretik jarri dira. Baina parez pare zuten taldea ez zen edozein, eta partidua amaitzeko bost minuturen faltan, Lagunak 5 puntu aurretik zihoan. Zaleek hauspotuta, durangarrek ez dute etsi eta 54-54 amaitu da partidua.

Leire Intxaustiren saskiratze garrantzitsua

Lehenengo luzapenean Lagunak-ek berriro aldea hartu du eta, denak galduta zirudienean, 12 segundoren faltan, partiduko jokaldia heldu da. Tabirako puntu bi behetik zihoan. Marina Maurtua kapitainak kantxa alderik alde zeharkatu  du eta Leire Intxaustiri zabaldu dio baloia. Honek jaurti eta barrura. Zoramena harmailetan… eta beste luzapen bat. Azken 5 minutuetan durangarrak gehiago izan dira. Fisikoki ezinhobeto daudela eta presiopean jokatzen badakitela erakutsi dute. Azkenean, 72-65 Tabirako Baquéren alde. Zaleek kantxara salto egin eta jokalariekin batera ospatu dute garaipena.

Datorren asteburuan igoera fasea

Lauko finala irabazteak igoera fasea jokatzeko txartela eman dio Tabirakori. Datorren asteburuan jokatuko dute Logroñon. Segovia, Logroño, Valladolid eta Durangoko Tabirako-Baque. Horiek dira igotzeko borrokan arituko diren lau taldeak. Jesus de Vicente entrenatzaileak “sari” moduan ikusten du igoera fasea: “Oso zaila izango da talde indartsuak daudelako, baina guk dena emango dugu”.

 Tabirako Baqué taldea partidu amaierako argazkian:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!