"Edozein talderi irabazteko gai gara, baina hori kantxan erakutsi behar dugu"

Anboto 2016ko mai. 7a, 10:00

Tabirako-Baqué igoera fase berri baten atarian dago. Horretarako, asteburuan Durangon jokatuko den lauko finala irabazi behar dute. Leioaren kontra jokatuko dute finalerdia, gaur, 20:15ean. Marina Maurtua kapitainak gidatuko du Durangoko taldea. Hamahiru urte daramatza lehen taldean, eta konfiantza du talde honengan.

Zure esperientziako jokalari batek zelan bizi du lauko final bat? Hasierako ilusioagaz, urteek ematen duten patxadagaz…
Partidu den-denetan izaten ditut nerbioak dantzan. Esperientziak gauza asko bizi izana esan gura du eta gaurko lako partiduetan lagungarria da, baina sabeleko kilima horiek, ilusioa eta motibazioa, ez dira kentzen.  

Zaleak ere ilusioz daude. Joan zen asteburuan jende askoren babesa izan zenuten.
Partidu garrantzitsua zen, irabazleak ligako bigarren tokian amaitu eta lauko finala antolatzeko eskubidea irabazten zuelako. Garaipen polita izan zen, eta zaleek asko lagundu ziguten. Jende asko batu zen. Oso pozik gaude eurekin. Asteburu honetan ere berdina eskatzen diegu. Guk dena emango dugu.

Leioa izango duzue aurkari. Aurten edonori irabazteko kapaz zaretela erakutsi duzue, baina partidu bakarrera…
Oso maila ona eman beharko dugu. Partidu bakarrera lauretako edonork irabazi dezake. Gure indarra, konstantzia eta urteetan egindako lana erakutsi behar ditugu. Edozein talderi irabazteko gai gara, baina hori kantxan erakutsi behar dugu.

Orain urte bi liga irabazi, eta, zuzenean, igoera fasea jokatu zenuten. Iaz eta aurten lauko finalean zaudete, azken fasearen atarian. Zein da sekretua?
Lan handia eta giro ona, horiek dira gakoak. Lan handia egiten dugu entrenamenduetan. Eta lana diodanean, benetako lana da. Horregaz batera, taldeko giro ona ere garrantzitsua da emaitza onak lortzeko. Azken urteetan taldeari eutsi diogu, lehengoak gara asko. Ordu asko ematen ditugu elkarrekin, eta oso ondo konpontzen gara. Norabide berean eta helburu beraren alde konprometituta gaude.

Jesus de Vicentek hiru urte daramatza entrenatzaile, goian zabiltzaten hiru urteak. Kasualitatea?
Ez da kasualitatea. Entrenamenduetan asko estutzen gaitu, baina badakigu horrela izan behar duela, eta, gainera, behar dugula uste dut. Partiduetako intentsitate horri eusteko behar dugun zerbait da.

Taldeko kapitaina zara, eta beteranoena. Horrek jokoaz aparteko ardura batzuk ere ekartzen ditu. Motxila astuna da?
16 urtegaz debutatu nuenean taldeko gazteena nintzen, eta orain beteranoena naiz. Urte hauetan taldea askotariko ikuspuntuetatik behatzeko aukera izan dut. Ikasi egiten da jendeagaz tratatzen. Niretzat ez da nekagarria edo motxila astunegia. Gustura egiten dudan zerbait da. Gainera, kontua ez da nik diodana, eta kitto! Gauzak denon artean hitz egiten ditugu.

Kantxa barruan ere ardura hartzeko gaitasuna baduzula erakutsi duzu. Joan zen asteburuan, taldea galtzen zihoala, 8 puntu sartu zenituen azken laurdenean, hiruko bi tartean.
Edozeinek jaurti zezakeen. Baina, baloia hartu, eta “sartuko dut” pentsatzen nuen, horixe neukan buruan. Konbentzituta egin nituen jaurtiketak. Baikorra izaten eta irabaziko dugula pentsatzen saiatzen naiz beti.

14 urte daramatzazu lehen taldean. Oraindik gaztea zara, baina abentura hau noiz amaituko den galdetzen diozu zeure buruari?
Batzuetan bai, baina ez dut uzteko batere gogorik. Horretarako momentua heltzen denean, barruak esango didala esango nuke. Itzelean gozatzen dut, eta pena ematen dit saskibaloia uzteak. Urteetan zehar une onak eta txarrak, bietarik bizitzen da, baina onak gehiago izan dira, eta merezi du.

Salamancan jokatu zenuten igoera fasea, momentu onen ala txarren kaxan gorde duzu?
Esperientzia hori bizitzea polita izan zen. Hasiberrien zigorra ordaindu genuen. Sekula igoera fasea jokatu gabekoak ginen. Orain berriro jokatzeko aukera izango bagenu, uste dut partiduei beste modu batera aurre egingo geniekeela.

Zelan gogoratzen duzu 16 urtegaz lehenengo taldean debutatu zenuen unea? Orain baino maila bat gorago zeundeten.
Unai Zamalloa entrenatzaileak abuztuan deitu zidan. Joko antolatzaile batek taldea utziko zuela-eta, niri deitu zidan. Aukera eskaini, eta erantzuna eman aurretik, egun batzuk eman zizkidan salto horrek ekartzen zidan guztia ondo hausnartzeko. Nik ez nuen pentsatzeko egunik behar. Erabakia hartuta neukan. Beti pauso bat aurrera ematen saiatzen den horietakoa naiz. Unaik (Zamalloa) konfiantza handia eman zidan. Estimu handia diot, beragaz hartueman estua izan dut beti. Oro har, denen artean mimatu egin ninduten urte hartan. Erraztasun asko eman zizkidaten.

Nuria ahizpa taldekidea duzu. Hori abantaila da, desabantaila, bietatik apur bat…
Biak batera. Badakizu, konfiantza dagoenean… baina ondo konpontzen gara.

Ahizpa gazteak zelan hartzen ditu taldeko kapitainaren aholkuak?
(Barreak) Tira, nik bere aholkuak txartoago hartzen ditudala uste dut. Baina ondo hartzen dugu elkar.

Saskibaloia ohiko gaia izango da zuen artean, ezta?
Bai (barreak). Askotan hitz egiten dugu saskibaloiari buruz, eta egun hauetan gehiago, lauko finalaren harira.

Tabirako Baqueren emakume zein gizonak lauko finalean; erregional mailakoak bikain, eta junior neskak Bizkaiko txapeldun.  Modan dagoen kluba da.
Azken urteetan lan ona egiten ari dela uste dut. Gazte asko dabiltza saskibaloian eta horrelako lorpenak inportantek izaten dira gazteengan zaletasuna pizteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!