"Fumbarrin silikosi kasu berriak eduki ditugu"

Anboto 2016ko api. 21a, 17:00

CCOO sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur Durangon, eta Antonio Montilla Fumbarriko delegatuak enpresan bizi duten egoera salatu du.

Sindikatuak delegatuen asanblada egin du lehenik, eta ostean, Gizarte Segurantzako egoitzaren parean batu dira langileak protesta egiteko. Bertan, Fumbarriko egoeraz ohartarazi du Montillak: "Fumbarrin silikosi kasu berriak eduki ditugu, eta dagoeneko 16 kasu dira. 70 langileko taldea gara; zenbakiak hor daude, eta protzentaia oso altua da".Kasu gehiago agertzearen beldur direla esan du beharginak.

Enpresak egoera zuzentzeko neurriak hartzeko eskatzen daudela azaldu du Montillak: "Enpresak dio badabiltzala gauzak egiten, baina gure ustez ez dira nahikoa". Atzerago, LAB sindikatuak ere salatu izan du publikoki Fumbarriko egoera.

Amiantoaz gaixotutakoak
Aprilaren 28an Osasun Laboralaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horri begira antolatutako ekitaldia izan da gaurkoa. Ondorioz, Fumbarriko egoeraz aparte, aldarrikapen orokorrei ere egin die lekua sindikatuak. Alfonso Ríos CCOOko Lan Osasunaren arloko arduradunak azaldu du, aurten amiantoaz gaixotutakoen aldeko konpentsazio fondoa eskatzea dela euren aldarrikapen nagusia. "Funts hori sortzea eskatu nahi diogu Gizarte Segurantzari. Baina gobernu zentralak ez badu ezer egiten, Eusko Jaurlaritzak ere egin dezake zerbait".

Manifestaziorako deia
CCOOko idazkari nagusiak ere, Unai Sordok, parte hartu du ekitaldian. "Industria politika erreal baten alde" zapatuan Bilbon (12:00etan, Jesusen Bihotza plazatik) burutuko den manifestaziora joateko deia egin du:  "Baliabide publikoak era egokian inbertitzeko beharra dago. Ikerketa eta garapenean, aldaketa teknologikoen hobekuntzan... Ez bakarrik enpresa handietan, enpresa txiki eta ertainetan ere. Enpresa batzuek ez dute Arcelorren izena, baina benetan gaizki ari dira pasatzen". Besteak beste, ELA, LAB, CCOO eta UGTk batera deitutako manifestazioa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!