Josetxo Errondosorok gertuko laguna zuen Kerejeta. Urpeko arrantzaren bidez, orain 25 urte elkar ezagutu zuten, eta, 1999tik aurrera, Kerejetaren ur azpiko abentura askoren kronikak idatzi zituen. “Itsasoa maite zuen, eta urpeko arrantza barik ez dago Joseba ulertzerik”, dio. Baina, aldi berean, “kirolaria baino gehiago bidaiaria” zela uste du: “Mende batzuk berandu jaio zela esaten zidan batzuetan; Cristobal Colon eta Hernan Cortesen sasoian bizitzea gustatuko litzaiokeela, mundua deskubritzeko. Tokiak lehenengoz ikusteak eragiten duen zirrara hori ez zuen burutik kentzen”. Mapamundia besarkatuta bizi zen: “Zenbat kilometro egingo ote zituen hegazkinez bere bizitzan! eta beti leiho ondoko eserlekua nahi izaten zuen handik begiratzeko. Intentsitate horregaz bizi zen, dena ezagutu eta ikusi nahi horregaz”.
Hogeitaka urteko Kerejetak Hegoamerika goitik behera zeharkatu zuen, herrixkarik herrixka, berak arrantzatutakoa ostatuaren truke eskainiz. Ondoren, handik urte batzuetara, filosofia berdina erabiliz, Jesus Villalva bidaide fidela izan zuen ondoan, antzerako beste hamaika abenturatan: “Tokian tokiko jendeagaz erlazionatzeko oso modu aproposa zen. Euren ohiko bizimodua barrutik ezagutzeko aukera eskaintzen zigun”, dio 13 urtez Derioko suhiltzaile parkean Kerejetaren lankide izan zen durangarrak.
Normalean, herrixkentzat oso errentagarria zen Kerejetaren bisita: “Gogoan dut Madagaskarreko irla txiki eta isolatu batean egon ginenekoa. Garitik bizi ziren, ez zuten arrantzarako amurik ere. Arrantzatzen genuena eman egiten genien, eta denentzako adina heltzen zen. Imajinatu zer ginen eurentzat, oso aintzat gintuzten. Ez zuten ondasun material askorik ordainetan emateko, baina beren estimua eta afektua eskaintzen zizkiguten”. Denboran badirauen estimua da: “Azken egunetan, doluminak emateko zenbat herrialdetatik deitu didaten neuk ere ez dakit: Australia, Hegoamerika, Aljeria, Maroko… Kerejetak dena ematen baitzuen. Pertsona naturala eta irekia zen, eta besteekin erlazionatzeko erraztasuna zuen”.
Kirol baten enbaxadore
Kerejetak maite zuen urpeko arrantza, eta kirol hori ezagutara emateko hamaika dokumentaletan parte hartu zuen. “Urpeko arrantzaren enbaxadorea” zela dio Espainiako txapelketa bi irabazi dituen Hector Ripolles urpekariak. Ur azpiko grabazioetarako sortutako ekoiztetxearen bitartez, dibulgaziozko hainbat dokumentaletan elkarrekin lan egin zuten: “Irabazitako txapelketei dagokienez, badaude palmares hobea dutenak, baina urpeko arrantzan norbait aintzakotzat hartua izan bada, hori, dudarik barik, Kerejeta izan da”, dio Ripollesek tonu seguruan: “Urpeko arrantzale denek, modu batera edo bestera, Kerejeta bat izan gura zuten: mundua bidaiatzen zuen abenturazalea, hamaika tokitan kontaktuak zituena… nire ustez, urpeko arrantzale denoi joan zaigu zerbait Kerejeta hil denean”.
Munduko txapeldun
Kirol arloan ere puntara heldu zen, 2008an, urpeko arrantzako munduko txapelketa irabazi zuen Margarita Irletako El Tirano herrian (Venezuela). Eta, beharbada, txapelketa horretan gertatutako jazoera batek islatzen du ondoen Kerejetak kirolarekiko eta bizitzarekiko zuen filosofia. Txapelketaren aurreko prestaketa egunak hango familia baten etxean eman zituen. Aspalditik elkar ezagutzen zuten. Familia horretako semea txapelketaren aurreko egunetan hil zen urpeko arrantzan zebilela. Munduko txapelketa irabazi ostean, Kerejetak bere garaikurra eman zien.
Joseba Kerejetaren hileta elizkizuna datorren eguaztenean, 19:00etan, egingo dute, Durangoko Andra Mari basilikan.
Joseba Kerejeta —ezkerrean— Venezuelako Los Testigos artxipelagoan urpeko arrantza praktikatzen.(Argazkia: Josetxo Errondosoro)