Hauxe da bere gutuna, berbaz berba:
Gutun honen bitartez, ongietorria eman gura diot Durangora heldu den trenari, Hartu trena lemagaz datorrena eta beragaz batera jende askok betetako bagoiak dakartzana. Helburu bat dute guztiek: Giza Eskubideekin eta pertsonen eskubide eta askatasunekin elkartasuna eta konpromisoa.
Hartu trena eskubide urraketagaz amaitzeko, dispertsioagaz amaitzeko, salbuespen legeekin amaitzeko, preso gaixo guztiak etxera ekartzea lortzeko! Ongi etorri Durangaldera trena!
Uneotan ondo sentitzen naiz, animatuta. Izan ere, herrian burutzen ari zareten lanak indarra ematen dit egunerokoari aurre egiteko. Ez dizuet ukatuko urduri nagoenik, maiatzean TAC bat egingo baitidate. Kasik urtebete pasa da ebakuntzatik, eta saihestu ezinekoa da pentsatzea minbizia berragertu ote zaidan edo metastasia agertu ote zaidan... Beti pentsatu gura dut guztia garbi aterako dela, baina batzuetan, nahi barik ere, pentsatu izan dut berriro agertuko balitz, eta aurreko ebakuntza lako beste bat egin beharko balitz, zer gertatuko litzatekeen. Ebakuntza hark psikologikoki kalte handia egin zidan. Benetako trauma bat lez bizi izan nuen; beraz, arduratu egiten nau berriz horrelako batetik pasatu behar izateak.
Baina lehen esan bezala, animatua nago eta oraindik eta gehiago zuen beroagaz eta babesagaz. Nire familiak xehetasun guztiekin ematen dit zuen mobilizazioen berri, nire askatasuna eskatzeko direnak eta jende asko batzen dutenak. Otsailaren 20ko martxa, alkatearen gutuna kartzelara etxera ekartzeko eskatuz, Nafarroako gobernuaren gutuna ere bai, niri bidalitako ehundaka eskutitzak... Ekitaldi guztiok, txikiak iruditu ahal bazaizkizue ere, trenaren bagoia lakoak dira, gero eta jende gehiago da bertara igotzeko. Espetxeko zuzendaritza eta funtzionariak harrituta daude jasotzen ari naizen babesa ikusita. Ez gara preso sozialak, batzuek erakutsi gura duten lez; presoen eta batez ere preso gaixoen eskubideak aitortzeko, lanean dabilen herri oso bat atzean dugun preso politikoak gara.
Horregatik guztiagatik, eskerrak eman gura dizkizuet hurbildu zareten denei. Bihotz bihotzez eskertzen dut ematen didazuen babesa. Baina onartu egidazue neure aldeko palataforman lanean daudenei esker berezi bat ematea. Hemen barruan bizi dudan egoera hobetzea lortu duzue azken hileetan egindako lanagatik, alkateagaz eta elkarteekin berba egiteagatik, mobilizazio guztiengatik. Adibidez, kirol eremura irtetea baimendu didate; nire errekuperaziorako hil ala bizikoa da, eta orain arte ukatua izan dut. Mobilizazioak, hemen barruan ere gauzak aldatu ahal dituela erakusten duen adibide argia da. Zuen hondar aleak, nire bizi baldintzen hobekuntza nabaria ahalbidetu du automatikoki.
Eskerrik asko plataforma osatzen duzuen kideei, eta nola ez, eskerrik asko eurek antolatzen dituzten mobilizazioetan parte hartzen duzuen guztiei.
Eutsi eta ez etsi!
Gora Euskal Herria Sozialista eta Feminista!
Gora gu ta gutarrak!