Mercadona eta Lidlen Abadiñoko plana geratzeko asmoz, mozioa aurkeztuko du Durangoko EH Bilduk

Anboto 2016ko api. 7a, 16:59
EH Bilduko zenbait zinegotzi, aurreko prentsaurreko batean.

Apirileko osoko bilkuran gaia lantzea gura du koalizioak. Supermerkatu horiekin, Durangoko "merkatari txikiak are gehiago kaltetu, eta batere jasangarria ez den kontsumo ohiturak" bultzatuko direla uste dute.

EH Bilduren ustez, Durangon "eragin zuzena" edukiko du proiektuak. Horregatik, erabakiaren parte izan gura dute. Hauxe da mozioaren helburu bat: "Abadiñoko Udalari ezagutaraztea, egin nahi duen aldaketa ezin dela aldebakarrekoa izan, eta are gutxiago Durangoko Udala kontuan hartu gabe". Horrez gainera, Durangoko Hirigintza batzordea lehenbailehen batzea eskatuko dute, "aldaketak izango dituen ondorioak aztertzeko eta hartu beharreko neurriak adosteko". San Faustoko auzokideek eta Dendak Baik bertan parte hartzea ere proposatuko dute. Udalak "komertzio txikien aldeko apustua" egitea ere gura du EH Bilduk.

Supermerkatuak San Fausto auzo ondoan eraikitzea da Abadiñoko Udalaren plana, eta horregatik, auzoan trafiko arazoak sortu daitezkeela uste du koalizioak. Gainera, gogoratu du Durango hirigintza plan orokorra aldatzen hasi dela, eta aldaketak testuinguru horretan aztertu behar direla aldarrikatu du. Horregaz lotuta, Durango eskualde buru izan behar dela dio EH Bilduk, "merkataritza eta bizitza soziokulturalerako herrigune aberats" bategaz. "Horrelako erabakiak izaera horren aurkako eraso bortitzak dira", koalizioaren arabera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!