“Nire bizitzako egun tristeena izan zen”. Mari Carmen Hernandezek berba horiekin hasi zuen bere kontaketa, Gogora institutuak antolatutako hitzaldian. 2000ko ekainaren 4an, ETAk bere senar Jesus Mari Pedrosa hil zuen, PPko zinegotzi zena Durangoko Udalean. Hernandezen arabera, hilketa gertatu aurreko urteetan etxe azpian bertan sufritu behar izan zituzten protestak. “Bere lana gustatzen zitzaion. Uzteko eskatu izan nion, baina zergatik ezin zuen desberdin pentsatu?”.
Hilketaren ostean kosta egiten zitzaion kalera irtetea: “Bizitza ezinezko egin zidan jendeagaz gurutzatzea asko kosta zitzaidan”. Baina, gorrotoari barik konponbideari egin zion lekua barrenean: “Nire alea ipintzeko konpromisoa hartu nuen”. Mujeres en costrucción biktimen inguruko dokumentalean parte hartu zuen, eta askotariko biktimak batzen zituen talde batean ere bai. Gerora, damututako zenbait presogaz egon izan da, eta ikastetxeetan ere bere lekukotza eman izan du. “Hurrengo belaunaldientzako herri alaiago bat egon dadin lanean gaude”.
Hernandezek sarritan babestu du presoak etxera hurreratzearen ideia, eta astelehenean ere horrela egin zuen: “Hasieratik uste izan dut presoen familiek ez dutela distantzia hori egin beharrik”.
Durangon eskaintzen zuen lehen berbaldia zen Hernandezena, eta aretoa bete egin zen. Jende asko hunkituta sumatu zitekeen.
Koloretako bizitzatik infernura
Hernandezegaz batera Amaia Etxanizek parte hartu zuen berbaldian. Bere aita BVEk hil zuen 1980an. Ondarroako bizitza politiko eta kulturalean ezaguna zen, eta mehatxatua, torturatua eta kartzelaratua izan zela kontatu zuen alabak. Gerora, etxean lotan zeudela hil zuten: “Hor hasi zen gure aldapa behera. Koloretako bizitzatik infernura pasa ginen”.
Amaia ere Mujeres en construcción dokumentalean agertu zen, eta han Hernandez ezagutu zuen, besteak beste. “Beste aldean zegoen jende bat zen, baina min berbera zeukatena. Harrera ona egin zidaten, enpatiaz, eta gorrotoa desagertzen hasi zen”. Atzo lehen aldiz berba egin zuen jendaurrean. “Gure lana beharrezkoa da bake prozesuaren alde”.