Mari Carmen Hernandez ETAren biktimak Durangon berbaldi bat eskainiko du lehenengoz

Anboto 2016ko ots. 17a, 14:29

Aintzane Ezenarro eta Aitziber Irigoras, gaur goizeko prentsaurrekoan.

Otsailaren 24tik martxoaren 2ra, Gogora institutuak antolatutako Memoriaren Plaza egitasmoa helduko da Durangoko Ezkurdi plazara. Bertan, azken 100 urteetako biolentziaren biktimen testigantza bat eskainiko dute, erakusketa eta berbaldien bidez. Lekukotzak ere jasoko dituzte.

Hilaren 24an inauguratuko dute erakusketa, 18:00etan, eta lehen berbaldia hurrengo egunean izango da, Aranzadiko Paco Etxeberria eta Lourdes Erraztiren eskutik, 19:00etatik aurrera. Hilaren 29an, ordu berean, Mari Carmen Hernandez (ETAk hildako Jesus Mari Pedrosa PPko zinegotziaren alarguna) eta Amaia Etxaniz (BVEk hildako Angel Etxanizen alaba) izango dira protagonista. Durangokoa den Angel Mari Unzueta bikarioak gidatuko du solasaldia.

Aintzane Ezenarro parlamentari ohia da memoria, bizikidetza eta giza eskubideak lantzen dituen Gogora institutuko arduraduna, eta Hernandezen ekarpena eskertu du bereziki, Durangon herritarren aurrean emango duen lehen berbaldia delako. "Beti baietz esaten du, bizikidetza eta bakeagaz konprometituta dagoelako, baina Durangon egingo duen esfortzua berezia da". Hernandezek eskoletan eta beste foro batzuetan hitz egin izan du; Etxanizena lehen aldia izango da.

Aitziber Irigoras alkateak garrantzia eman dio memoria elkarbanatzeari, eta herritar guztiak gonbidatu ditu ekimenera. Bozeramaileen batzordeak aho batez onartu izana nabarmendu du gainera. Erakusketarako Durango kontuan hartu izana eskertu dio Ezenarrori.

"Memoria anitza"
Gerra Zibilak, Frankismoak, talde armatuek eta poliziak -1960-1978 artekoak errekonozitu dira oraindik- eragindako biktimak hartuko dituzte kontuan erakusketan. Ezenarrok adierazi du herritarren partaidetza bultzatuko dutela ekimenagaz. "Memoria anitza da, eta guztion artean eraiki behar dugu". Ezkurdin ipiniko den karpan, norberak bere lekukotza grabatzeko edo idazteko aukera egongo da, "giza eskubideen urraketaren memoria" ardatz lez hartuta.

Ikastetxeei ere ekimenean parte hartzeko deialdia egin diete. Aurretik Bilbon egon da erakusketa, eta 3.000 lagunek bisitatu dute, Ezenarroren arabera. Herritar ugarik lekukotza idatzi edo grabatu duela ere aipatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!