Gaur inauguratuko den Memoriaren Plazak Durangoko errealitatea "era partzial" batean lantzen duela uste du EH Bilduk

Anboto 2016ko ots. 24a, 13:52

EH BIlduko kideak, Kurutziagan, borrokalari antifaxistei gorazarre egiteko monolito ondoan.

Ekitaldiak "interesgarriak eta beharrezkoak" iritzi arren, Memoriaren Plazari "gabeziak" ikusten dizkio koalizioak. Dispertsioa edota preso gaixoen egoera ere giza eskubideen urraketak direla dio: "Iraganera begiratzea ondo dago, baina errealitate hauen aurrean ezin gara mutu geratu". Gainera, egitaraua osatzeko, alderdien eta herriko eragileen elkarlana ez dela bilatu kritikatu du EH Bilduk.

"Eztabaida hau proposatzea nahi genuen, baina ez dugu aukerarik izan", esan dute zinegotziek prentsaurrekoan. Memoriaren Plazaren aurkezpenean Aitziber Irigorasek adierazi zuen bozeramaileen batzordean aho batez onartu zutela ekimena, baina kazetariek galdetu ostean, Dani Maeztuk esan du ez zela bozkatu, "formatu itxia" izan zela eta horren berri eman zela soilik.

Bestalde, memoria historikoaren zein giza eskubideen urraketaren arloan lan egiten duten eragileak herrian badaudela gogoratu dute, eta horiek lanketara ez gonbidatzea ere kritikatu dute.

Mapa, "kaxoi batean"
Memoriaren Plaza Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuak antolatu du, eta horrek berak Memoriaren Mapa aurkeztu zuen azaroan, gero udalek herrika osatu ahal izateko. Bada, lan hori "udaleko kaxoi batean gordeta" dagoela esan du EH Bilduk, eta horregatik, batzorde berezi bat sortzea proposatu du. Herriko eragileen agerraldiak eta herritarren lekukotzak jasoko lituzkete bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!