Jaiki hadi elkarteko Esti Gorostiagak eman du prozesu klinikoaren berri. 2014ko abenduan sentitu zuen Frailek mingaineko koskorra, eta martxoan biopsia egin zioten. Apirilean baieztatu zuten medikuek minbizia zeukala. Fraile Euskal Herrira ekartzeko eskaera egin zuen Ane Ituño konfiantzazko abokatuak Espetxe Zaintza epaitegian, eta justu atzora arte ez da heldu erantzuna. Ezetz. Badajozen dagoeneko tratua jasotzen ari dela eta segurtasun arrazoiengatik hobe dela han mantentzea erantzun du epaitegiak. Ez da iritzi berekoa Ituño: "Euskal Herrira ekartzea litzateke tratu duina bermatzeko modu bakarra".
Astelehenean hasi zitzaizkion ebakuntza egiten, eta poliziek emandako tratua "ankerra" izan dela berretsi du Nerea Makuso koinatak. Senideek presoa urduri topatu zutela azaldu du, eta berak kontatu ziela bizitakoa. Edozelan ere, tratua lehenagotik txarra izan dela salatu dute; biopsia egitean esku-burdinak jarrita zegoen adibidez.
Etxerateko Ibai Bilbaok adierazi du "tratu txar psikologikoaren oinarriak" ezartzen dituela Frailek astelehenean bizitakoak. Egoera hori dispertsio politikagaz lotu du Bilbaok: "Dispertsio politikak sufrimendua handitzen du edozein egoeraren aurrean". Horregatik, dispertsioa amaitzeko beharra helarazi gura izan die herritarrei. "Gorka etxean nahi dugu, denak etxean nahi ditugu", esan du Bilbaok.