Paul Abasolok esan du salatutako neska ez duela pankartarik jartzen ikusi, eta kontzentrazioagatik jazartua sentitu dela

Anboto 2015ko abe. 18a, 10:50
Ezkerrean feministaren alde kontzentratutako batzuk, eta eskuman Abasolo, epaitegitik irten berri, bakarrik.

Paul Abasolok (sexu erasoengatik zigortua eta gero indultatua) mugimendu feministako kide bat salatu du bere aurkako irainak egitea egotzita, baina defentsaren abokatuak ANBOTOri azaldu dionez, Abasolok epailearen aurrean esan du salatutako neska ez duela bere aurkako pankarta edo margoketarik egiten ikusi. Dozenaka herritarrek salatutako emakumea eta mugimendu feminista babestu dituzte.

Defentsaren abokatuaren arabera, Abasolok eta bere familiak sarritan ipini izan dituzte salaketak epaitegian, baina ez dute aurrera egin. Bere aurkako pankarta eta margoketengatik "jazartua" sentitu dela esan ei du epailearen aurrean. Ez hori bakarrik, "talde feministek urtero egiten dituzten protestengatik ere jazartua" sentitzen dela adierazi du; edozein mobilizazio feministagaz beraz, bere aurkakoa izan ala ez, azaroaren 25a kasu. Edozelan ere, abokatuaren ustez "ez zeukan kikildutako pertsona baten itxurarik" deklarazioa hartzerakoan. Bere galderak ez ditu erantzun. Epaitegitik irteterakoan, argazkiak ateratzeagatik kexu agertu da prentsagaz. "Zer zabiltza argazkiak ateratzen?", esan du. Bakarrik joan da Ezkurdi plazatik harantza. Deklaratzera, hitzordua baino ordu erdi lehenago agertu da, kontzentrazioa sahiesteko asmoz.

Dozenaka lagun hurreratu dira kontzentraziora. Tartean, EH Bildu eta Herriaren Eskubideko zinegotziak ikusi ahal izan dira, baita LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariak eta hainbat herri eragiletako kideak ere. Amaieran, Plataforma Feministako kide batek bertaratutakoen ekarpena eskertu du, eta salatutako feminista babesteko sinadura bilketan parte hartzera deitu du. Eguaztenean prentsaurreko bat emango dute.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!