Jarri dute hitzordua euskarazko ikus-entzunekoen gazte sortzaileentzat. Zugaza zineman izango da abenduaren 5ean, 11:00etan. Orduan abiatuko da Kameratoia, 11. aldia duen Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya. Orduan azalduko zaie izena eman duten 20 taldeei lanen gaia eta ezaugarriak zeintzuk diren. Guztira, 65 pertsona inguruk parte hartuko dute Kameratoian —gipuzkoarrak 29, bizkaitarrak 24, arabarrak 9 eta nafarra bat; Euskal Herritik kanpokoak dira bi lagun—.
Abenduaren 5etik 8ra, Kameratoiak Irudieneatik, Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen plazatik, kalera zabalduko du parte hartzaileen ekoizpen artistikoa. Nobedadeak ere badaude aurten. 50. urteurrena duen Durangoko Azokari keinu eginez, oraingo honetan, 50 ordu izango dituzte gazteek laburmetraiak sortzeko; 48 ordu izan dituzte aurreko aldietan. Hartara, sortzaile gazteek abenduaren 7ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte euren ekoizpenak. Sari banaketa gala, abenduaren 8an izango da, 18:00etan, Zugaza zineman.
Tokikomek emandako saria
Saridunen artean 3.600 euro banatuko ditu Topaguneak: 1.200 euroko saria lortuko du irabazleak; bigarrenak, 900 eurokoa, eta, hirugarrenak, 600 eurokoa. Azkenengo sari hori Tokikomek, tokiko hedabideen elkarteak, emango du, aurten lehenengoz. Sortutako lan guztiak asteartean Zugazan egingo den galan proiektatuko dituzte, eta, bertan azalduko da baita irabazleak zeintzuk diren ere, Leire Lardizabal Topaguneko ordezkariak azaldu duenez.
Talde saridunaren lanak zabalkunde berezia izango du Tokikom osatzen duten euskarazko tokiko hedabideen artean, baita Laburbira film laburren zirkuituan ere.
“Publikoari esker ona”
Publikoaren saria ere emango dute 11. Kameratoi honetan. “Publikoari iritzia emateko aukera eman gura izan diogu, eta bide batez, esker ona adierazi ere bai”, nabarmendu gura izan du Lardizabalek. Publikoaren saria lortzen duenak ez du diru-saririk izango.
Ikus-entzunezkoak euskaraz sortzen dituzten gazteei bultzada emateko sortu zen Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya. Baita Topaguneak antolatutako Benito Ansola Saria eta Laburbira zirkuitoa ere. Martxoan izango den 2016ko Laburbirarako lanen aukeraketarako lanak bidaltzeko aukera dago jada, eta, “sortzaile ezagun eta hasiberrien arteko oreka mantentzea” izango dute helburu , antolatzaileen hitzetan.