50. Durangoko Azoka

Goenkaleko azken hiru atalak proiektatuko dituzte Irudienean

Anboto 2015ko abe. 4a, 10:26

Aurten ere Irudienea guneak euskarazko dokumental, film labur eta film luzeen emanaldiak eskainiko ditu. Baina ikus-entzunezkoen erakusleiho ezezik, sortzaileak ikusleekin harremanetan jartzeko eta elkarrekin hausnartzeko plaza dela gogoratu du Arrate Illaro Irudieneako antolatzaileak. Amama filma, Euskal Harriaren ABDak edo Pikadero film luzeak proiektatuko dituzte, besteak beste, Durangoko Zugaza zineman. Aurtengo nobedadeetako bat Goenkale izango da. Hainbat urtez ETB1eko ikurra izan zen telesailaren azken kapituluak emango dituzte igandean, 19:00etan. Ekitaldi horretara telesailean parte hartu duten hainbat aktore gonbidatuko dituzte.


Hainbat berbaldi
Gazteek euskaraz gaur egun jasotzen dituzten ikus-entzunezkoek transmititzen dituzten mezu sexisten inguruan jardungo du Katixa Agirre kazetariak Oihulari Klownen laguntzagaz. Horrez gainera, euskal zine industriaren belaunaldi berrien inguruko mahai-ingurua antolatuko dute. Lara Izagirre zuzendaria, Joseba Usabiaga aktorea, Irune Gurtubai ekoizlea eta Miren Manias ikertzailea izango dira mahaiaren bueltan. Zinea.eus-eko kideek gidatuko dute solasaldia.

Loreak azokan
Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zine zuzendariek ere Irudienea bisitatuko dute astelehenean, Loreak filmari buruz berba egiteko. Antolatzaileek diotenez, honela ziklo bati amaiera emango diote. Izan ere, bi zuzendariak Loreak aurkezten egon ziren proiektua oraindik gorpuztu gabeko ideia zenean, pelikula eginda zegoenean ere azokan proiektatu zen eta, oraingo honetan, pelikularen ibilbideaz arituko dira.

Film laburrak
Laburbirako bost filmez gainera, dantza gaitzat duten film laburrak proiektatuko dituzte Irudienean. Tartean Durangoko Bideografik ekoiztetxeak sortutako Dantza Flokak film laburra.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!