Domekan jokatu zituzten finalerdiak. Lehenengoan Egiguren eta Inzak 30-27 irabazi zuten Olha eta Erkiagaren aurka. Partidu luze eta gogorra jokatu zuten. Egigurenenak izan ziren partiduko tantorik politenak; txokoan zein zabalean tanto sorta egin zuen.
Bigarren finalerdia laburragoa izan zen eta Goikoetxeak eta Garitak 30-22 menderatu zituzten Jagoba eta Urtasun. Pilota askoz biziago mugitu zuten irabazleek. Garitak atzean agindu egin zuen, baina laukotean galtzaileen ere bera ibili zen. Urtasun ia beti 13. koadrotik atzera ibili zen eta makina bat pilota zail sartu zuen saskian. Jagobari askotan erreboteatu beharra egokitu zitzaion eta ondo moldatu zen. Debuteko partidua zuela kontuan hartuta, lan txukuna osatu zuen Jagobak. Goikoetxeak aldeak markatu zituen; erreboteak erasorako baliabide bilakatu zituen eta txapa gainean moztutakoak ia beti tanto izan ziren. Aparteko abiadurarekin mugitzen du pilota. Horrela, batzuk erasoan eta besteak defentsan, partidua nahiko orekatuta joan zen lan erdietara arte, baina ikusten zen edozein unetan apurtu zitekeela. Eta horrela gertatu zen.
Gaur, 18:00etan, 3. eta 4. postuetarako partidua jokatuko dute eta ostean finala hasiko da Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Garitari ez zaio animorik faltako. Domekan ondoan izan zituen lagunak berotasuna ematen eta gaur ere ez dira urrun ibiliko.