Faboritoek aurrera egin dute Durangoko zesta torneoan

Anboto 2015ko ira. 16a, 11:15

Durangoko San Fausto Zesta Txapelketako lehen jardunaldian faboritoek nahiko erraz atera zituzten aurrera euren norgehiagokak. Joan zen asteburuan jokatutako bost partiduetan, Berritua, Biarritz, Hossegor, Donibane Lohizune eta Bidart ordezkatzen zituzten bikoteek Donostia, Cabanillas, Durango B, Lekeitio eta Zumaiakoak kanporatu zituzten.

Durango B izan zen aurkaria gehien estutu zuena, eta 22 tanto egin zituen Hossegorreko bikote indartsuaren aurka. Iker Abazek ezin izan zuen partidu hori jokatu, eta, ondorioz, Asier Azkaratek Mikel Alberdigaz jokatu zuen Durangoren partetik.

Asteburu honetan bigarren jardunaldia jokatuko dute. Zapatuan, 17:30ean, Markina, Noain eta Gasteiz faborito izango dira Tolosa, Hondarribia eta Pauren kontra, hurrenez hurren. Domekan, 12:00etan, beste kanporaketa bi jokatuko dituzte Mutriku-Gernika eta Berriozar-Andoainen artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!