Durangoko klubetik bikote bik parte hartuko dute: Egoitz Urrejola-Igor Iturraspe eta Asier Azkarate-Iker Abaz bikoteek. Ez daude irabazteko faboritoen artean, baina joko bolada onean dabiltza. Iaz, Ipar Euskal Herriko Hossegor taldeko Michael Lesbats eta Pierre Etcheverry bikoteak irabazi zuen torneoa, eta aurten txapela defendatuko dute. Seguruenik, iazko finalistak ere etorriko dira: Jokin Arbe eta Jon Zabala. Etortzen badira, iazko zapore gazia kentzen saiatuko dira. Arbe lesionatu egin zen finalean, eta Zabalak ez zuen berak bakarrik zereginik izan Hossegorreko bikotearen aurka.
Gernikak bigarren bikoterik indartsuena bidaliko du. Xabier Barandika eta Unai Lekerika munduko txapeldunak ezin izango dira etorri, partiduaren egun berean beste hitzordu bat dutelako Mutrikun, eta horien tokia Xabier Urrutxuak eta Markel Urtubik beteko dute. Pilotari gazteak dira, eta bikote sendoa osatzen dute. Esaterako, Urtubik Gernikako jaietako kiniela irabazi zuen, profesional askori nagusituz.