Igoera fasea Sevillan hasiko du DRTk

Anboto 2015eko apirilaren 10a

Denboraldi hasieran ametsa zirudiena errealitate bihurtu da. Durango Rugby Taldeak Ohorezko Mailarako igoera fasea hasiko du asteburu honetan.


Hiru taldeko multzo bitan banatuta dago igoera fasea. Zozketa bidez, DRTri Sevillako Cajasol Ciencias eta Kataluniako Sant Cugat taldeak egokitu zaizkio multzoan. Guztira, lau partidu jokatuko ditu.

Lehenengo lehia etxetik kanpora izango du, Sevillan, domeka goizean. DRTk zein Cajasol Cienciasek liga erregularra bigarren amaitu dute hemezortzina garaipenekin. Sant Cugat bere multzoko lider geratu da.
Datorren asteburuan atseden hartuko du Durangoko taldeak. Etxeko partidu biak bata bestearen atzetik etorriko dira; apirilaren 26an, Sant Cugat hartuko du Arripausuetan, eta, maiatzaren 3an, Cajasol Ciencias. Igoera faseko azken partidua maiatzaren 17an jokatuko du, Katalunian. Multzo bietako onenek elkarren kontra jokatuko dute Ohorezko Mailarako igoera, maiatzaren 24an edo 25ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!