Historia egiteko prest

Denboraldi hasieran txoko honetatik idaztea egokitu zitzaidanean, itxaropentsu nengoela adierazi nuen. Hainbat arrazoi nituen zantzu hori nuela adierazteko: entrenatzaile berriaren izaera, jokalari beterano batzuen buelta, gazteak hazteko prozesuan egotea… Baina sekulan ez nuen imajinatuko sasoi honetan gizonen Durango Rugby Taldea Ohorezko Mailara igotzeko promozioan  arituko zenik. 22 partida jokatu behar izan dituzte, eta inoiz jokatutako errugbirik ederrena ikusteko aukera izan dugu Durangoko errugbizaleok.

Ines Etxegibelen eskutik hasitako ibilbide berri honetan, pausoz pauso joan dira. Defentsan sekulako lana egin, eta entrenamenduan behin eta berriz landu dute defentsa, eta hor ditugu fruituak. Oso zaila da gaur egun talde honi entseguak egitea. Jokalariek argi dute plakaketa bakoitzak baloia berreskuratzeko aukera berria ekar dezakeela. Hor aritzen dira, jo eta ke, pelotoi militarren antzera, posizioa galdu barik, beti metroak irabazteko prest.

Hortik etorri dira garaipen ugari; aurten 22 partidatik 18 irabazi dituzte, eta galdutakoetan azken unera arte irabazteko aukerak izan dituzte.

Gakoa mentalitate aldaketan egon da, jokalari hauek berezkoak dituzten dohainak, batez ere erasorakoak, barneratu izana, defentsa ona erasorako lehen urratsa delako.

Orain lau partida dituzte aurretik, Sevillako Cajasol eta San Cugaten aurka. Lehenengoa asteburu honetan, Sevillan. Eskaera bat besterik ez: gozatzen jarrai dezagun!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!