Urte gogoangarria garaipenagaz agurtu gura du Tabirako Baquek

Anboto 2014ko abe. 19a, 09:00

2014. urtea ez du berehalakoan ahaztuko Tabirako-Baqueko emakumeen talde nagusiak. Arrakastaz beteriko urtea izan du, eta zaleak garaipenera ohitu ditu. Joan zen denboraldian Lehen Mailako liga irabazi, eta igoera fasea jokatu zuen. Jokoan den denboraldian, ia talde beragaz, kimika irabazleari eutsi dio; orain arteko hamar partiduetatik bederatzi irabazi ditu, eta bakarra galdu, Bera Bera lider ahaltsuaren kontra. Domekan, 12:00etan, 2014ko azken partidua jokatuko du Loiola-Deusto-Indautxu Unibertsitatea taldearen aurka, eta aurten bizitakoaren ispilu izango litzatekeen garaipenagaz agurtu gura du urtea zaleen aurrean.


Iaz erakutsitakoaren ostean, ez da harritzekoa Tabirako Baqué aurten ere maila onean ibiltzea, baina “hain ondo ibiltzerik ez genuen espero”, dio Jesús de Vicente entrenatzaileak. Taldearen dohain handietako bat partidu estuetan erakusten duen nortasuna da: “Leioaren kontrako partidua kenduta, gainerako ia guztiak puntu gutxigatik eta azken minutuetan irabazi ditugu. Azken txanpa hori ondo kudeatu dugu orain arte. Minutu gutxiren faltan azpitik joan arren, partidua irabazteko kapaz garela erakutsi du taldeak”.

Erritmo bizia, intentsitatea eta trantsizio arinak dira taldearen zigilua. Jokamolde horrek une oro ahalegin fisiko handia eskatzen du, eta hori bermatzeko giltzarrietako bat talde zabala izatea da: “Jokalariek min hartu dutenetan ordezkoek maila ona eman dute. Hamabi jokalari ditugu, eta junior bat. Gure jokatzeko moduak lana eta sakrifizioa eskatzen ditu, eta denek eman dute eskatutako maila”.

Marina Maurtuaren lana
Talde lana da errendimendu onaren sekretua, baina jokalari jakin batzuen lana goraipatzeko ez du arazorik de Vicentek. Marina Maurtua joko antolatzailearen ekarpena azpimarratu du: “Taldeko kapitaina da, eta jokoaren pisua eramateko gaitasuna du. Borroka guztietan dago, eta lan handia egiten du. Orain hamabi urte debutatu zuen, 16 urte zituela. Oraindik gaztea da, eta aldi berean esperientzia handia du”.

Domekako partiduari begira Zuriñe Orue-Mazaga pibota da duda bakarra. Azken partiduan besoan min hartu zuen, eta etzirako sendatuko dela uste dute, baina ez da segurua. Badaezpada, Aitziber Ardanza gaztea –lehen mailako juniorra– prest dago bere hutsunea betetzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!