Alderdien artean, jarrera ugari

Anboto 2014ko urr. 31a, 10:15

EAJk adierazi du gazteen eskaera udalean landuko dutela: “Gobernu taldearen aldetik eskaera guztiak ondo jasotzen dira. Kasu honetan gai hau Hirigintza Batzordera eramango da, eta, horrela, alderdi politiko guztiek proposamena ezagutzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dute”.

EH Bilduk jarrera argia erakutsi du, eta gazteen eskaera bidezkoa dela uste du: “Durangoko gazteek ez dute espaziorik beraien beharrizanak asetzeko eta garatzeko, eta udalak ez die eskaintzarik egiten. Udalak ez du adin tarte bateko gazteentzat proposamenik egiten, ez du gazteei zuzendutako politikarik”. Bestalde, eskola publikoak asteburuetan zabaltzea proposatu izan du koalizioak, baina ezezkoa jaso du.

PSE-EEk, eraikin baten inguruko eztabaidaren aurretik, beste gabezia bat ikusten du: “Gazteen eta udalaren artean landutako gazte plan bat behar du Durangok, aisialdirako programak zehazteko eta udal instalazioak erabiltzeko”.

PPren ustez, gazte horiek ez dute gazte populazio osoa ordezkatzen. Bestalde, argitu du udala bi urtez dabilela eraikin horretan zer egin aztertzen. “Hainbat aukera daude, eta hau beste bat litzateke. Hiru solairu dauzkanez, solairu bakoitza hainbat ekintzatarako erabili ahal da”. Gainera, guztiz hutsik ere ez dagoela esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!